TTIP (Merkataritza Askerako Hitzarmen Transatlantikoa)
Larriki arduratuta gaude klima-aldaketarekin: komunitate ugariri zuzen-zuzenean eragingo die datozen hamarkadetan zehar, eta ondorio latz eta atzera bueltarik gabeak izango ditu, bai ingurumenean, baita norbanakoongan ere. Egoera gelditzeko, eredua aldatu beharra daukagu, planetaren mugekin bat datozen moldeei heldu. Beraz, udal gobernuei eskatzen diegu premiazko neurriak hartu ditzatela berehala, beren udalerrietan berotegi-efektuko gasak gutxitzeko —izan ere, herrigune eta hiriguneetan sortzen da karbono dioxido isurtzeen % 70—.
Udalerriak, beren eremutik jardunda, funtsezko zutabe bihurtu daitezke berotze globala gelditzeko neurriak ezartzeari dagokionez. Tokiko erakundeen baterako jarduerak nabarmen jaitsi ditzake klima-aldaketa eragiten duten isurtzeak. Artean, agortzen ari da ondorio larrienak ekiditeko denbora eta, beraz, ezinbestekoa da premiazko neurriak abian jartzea, ez bakarrik gainera datorkigun ingurumen-hondamendia saihesteko, baita herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ere.
Gaur egun, TTIPek, bere xedeen artean, aurreikusten du zerbitzu publikoak erabat liberalizatzea eta horiek nazioarteko enpresa handiei esleitzeko aukera zabalik uztea. Era berean, administrazio publikoen ondasunak eta zerbitzuak erosteko eta lizitatzeko bidea zabaldu nahi du aipatutako Hitzarmenak. Horrek guztiak arriskuan jartzen du zerbitzu eta erosketa publiko guztien funtzionamendua, maila orotan; gainera, kolokan jartzen du herriak aukeratutako ordezkariek beren komunitateak libreki administratzeko eta tokiko industria, enplegua eta gizarte-ekimenak sustatzeko gaitasuna.
Baina larriena zera da: inbertsioen arloko toki- eta nazio-mailako arau guztiei muzin egiten diela TTIPak.
Gauzak horrela, tokiko administrazioek konpromisoa hartu behar dute, trantsizio-aldi honetan. Tokiko merkataritza babestu behar dute, merkataritza-azalera handien aurrean. Ekonomia soziala edo alternatiboa sustatu behar dute, eta tokiko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanetarako azpiegiturak eta guneak eman.
Tokiko administrazioak:
- Herritarren beharrizanetatik hurbil daude eta, beraz, TTIPak dakartzanetatik babestu behar dituzte. Erantzun egin behar dute, ez badute entzun nahi herritarrei eta arriskuan dagoen planetari lagundu ez dietela.
- Tokiko zerbitzu publikoak, industria eta enplegua sustatzeko kanal egokia dira, eta ahaleginak egiten dituzte interes komunari erantzuteko.
- Eskubide sozialak, ekonomikoak eta ingurumen-eskubideak babestu behar dituzte, eta aurre egin behar diete TTIPek ezarri nahi dituen arrisku eta betekizunei (Hitzarmenak Europako legeek debekatutako praktikak aurreikusten ditu eta). Besteak beste, zientifikoki testatu gabeko produktu kimiko eta farmazeutikoak ekoiztea aurreikusten du; genetikoki eraldatutako elikagaiak onartzea; hormonekin hazitako txahalki eta behikia kontsumitzea; kloroz esterilizatutako oilaskoa merkaturatzea; edota gasa erauztea frackingaren bidez.
Tokiko erakundeek oihartzuna eman behar diote eztabaida publiko eta demokratikoari, TTIPak benetan dakartzanen inguruko eztabaidari, hain zuzen ere (zerbitzu eta erosketa publikoen etorkizuna barne).
Esandako guztia aintzat hartuta, zera adierazi nahi dugu:
- Merkataritza eta inbertsioak gizartearen onurarako baino ezin dira erabili. Ekonomikoki eta sozialki onuragarriak diren trukeak sustatu behar dira —toki guztietako beharrizanak errespetatuko dituztenak—, ez bakarrik enpresa multinazionaletako finantza-espekulatzaileenak.
- Zerbitzu publikoen suntsitze programatu eta mailakatua, elkartasunaren eta demokraziaren suntsitzea ere bada.
- Zerbitzu eta erosketa publikoak leihakortasunera irekitzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake horien irisgarritasunari, kalitateari eta kostu ekonomiko zein ekologikoari dagokionez.
- Eskubide sozialak besterenezinak dira eta, beraz, ezin dute bakar-bakarrik merkatuaren logikaren menpe egon.
- Gizartearentzat erabilgarriak diren zerbitzu publiko dibertsifikatuak bakarrik bermatuko du mundu guztiak, toki guztietan, bizitza-kalitate duina izatea, eta hori zuzenki lotuta dago demokrazia errealarekin.
- Kontrol publikoa bermatu beharra dago, ondasun komunetarako sarbidea, zerbitzu publiko berriak sortzea eta tokiko industria zein enplegua sustatzea bermatzeko.
Esandako guztiagatik, zera proposatzen dugu:
- Udalerriak TTIParen aurka daudela adieraztea, eta oinarrizko zerbitzu publikoak baliatzea elkartasunerako eta ondarea gizartean birbanatzeko.
- EBren eta bere kide-estatuen gaur egungo politika arautzailea defendatzea, ez dadin eskumenik galdu gizarte-legeen, kontsumitzaileen babesaren eta ingurumenaren alorretan. Era berean, nazioarteko enpresek araugintzan parte hartu dezatela ekiditea.
- Hitzarmena ez dadila xede ekonomiko soiletara mugatu: garrantzi eta trataera bera eman diezaiela xede sozialei eta ingurumen arlokoei ere.
- Amaitu dadila negoziazioetan gaur egun darabilten gardentasun-falta: publiko egin dezatela informazio guztia, eta eztabaida publikoa eman dadila EBan eta bertako kide-estatuen, autonomia-erkidegoen eta tokiko administrazioen legebiltzarretan.
- Hitzarmenetik kanpo utzi ditzatela zerbitzu publikoak eta jabetza intelektuala. Legeriak ahalbidetzen duen neurrian, Udalaren mendeko gizarte-zerbitzuak eta kontratazioa babesteko klausulak jasotzea, eta Udalak gaur egun dituen ahalmenak eta eskubideak babestekoak ere bai.