NATURA

img
img

SARRERA

Kantauriar erlaitzean zeuden baso handiak desagertu egin dira. Horien ordez, hiri-eremuak eta industria dago; azpiegitura handiak, pinudiak eta eukalipto sailak. Ondorioz, bioaniztasun asko galdu da, eta bertako basoa txoko txikietan baino ez da mantendu.

Oso garrantzitsua da natura-ekosistemak berreskuratzea eta gure basoak leheneratzea, gure inguruneko kalitatea hobetzeko. Xede hori buruan, Sagarrak 2006an hasi zen leheneratze ekologikorako zenbait jarduketa egiten, bereziki, Nerbioi-Ibaizabal eskualdean espezie inbaditzaileak kentzen eta bertako arbolak eta zuhaixkak landatzen (batez ere talde ekologistak Basauriko Malmasin mendian kudeatzen dituen lurzatietan).

Baso-ekosistemak leheneratzeko, ezinbestekoa da eskualdean bizirik dirauten arboletatik bildutako hazien landareak izatea: horrek bermatuko du tokiko espezie genetikoak gordeko direla —espezie horiek dira, hain zuzen ere, bertako klimara eta lurrera hoberen egokitu direnak—.

Beharrizan horrek bultzatuta sortu genuen bertako landareen haztegia, Basauriko Iruaretxeta parkean. Bertako arbolen hogei espezie baino gehiago hazten ditugu han: haritzak, lizarrak, makalak, elorriak, ereinotzak, eta abar. Gero, aleak landatzen ditugu esku hartzen dugun lurzatietan.

Ingurunea leheneratzeko proiektu horretan ezinbestekoa dugu boluntarioen laguntza. Proiektuaren fase guztietan hartzen dute parte: haziak biltzen, arbolak basoan landatzen… Lan hori aurrera eramateko, ingurumen-boluntarioen sarea osatu du Sagarrakek; Bizkaiko natura-ondare hondatua leheneratu eta kontserbatzeko interesa duen edonork hartu ahal du parte bertan.

Animatu, eta lagundu gaitzazu gure basoak lehengoratzen!

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek