KUTSADURA

img
img

LURZORUAREN KUTSADURA

Giza-jarduera da lurzoruaren kutsadura-iturri nagusia: nahita ala nahi gabe, lurzoruaren oreka eta osasuna asaldatzen duten osagaiak —pozoitsuak, normalki— isurtzen ditu lurrera.

Lurzoruaren kutsadura-iturri nagusiak nekazaritzatik datoz (ongarriak eta, batez ere, pestizidak izaten dira).

  • Meatzaritza: lur-kantitate handiak lekuz aldatzeak eta lurzatiak husteak duten eraginaz gain, inguru guztia kutsatzen du, merkaturatzeko egokiak ez diren hondakinekin. Gainera, batzuetan, metal astunak erauzten dituzte, eta horiek, kontzentrazio altuetan, oso toxikoak dira, baita erradioaktiboak ere.
  • Hiri- eta industria-hondakinak: zaborrak, zabortegiak, obretako hondakinak botatzeko tokiak, produktu kimikoen biltegiak, erregaiak, olioak, legez kontrako isuriak.
  • Atmosfera kutsatzen duten osagaiak —azkenean lurrean amaitzen dutenak—: euri azidoa, industriaren isurtzeak, ibilgailuen gasak, eta abar.

Gauza bi izan behar ditugu gogoan: lurrera (edo uretara, edo atmosferara) heltzen den guztia elikadura-katean txertatzen da, eta lurretik ekoitzitako barazkiak eta animaliak (barazkiak jan dituzten animaliak) jaten ditugu gizakiok.

URAREN KUTSADURA

Edateko ura da gizakiok edan dezakegun bakarra; zenbait gas eta gatz izan behar ditu (kontzentrazio txikian), baina ez materia organikorik, ez germen kaltegarririk, ez osagai kimikorik.

Isuriak (zuzenak edo zeharkakoak) dira, gaur egun, ura kutsatzen dutenak, gehienbat. Gure akuiferoetan amaitzen dute isuri horiek, eta lurpeko uretan, ibaietan, aintziretan eta itsasoetan: substantzia toxikoak, kimikoak, gaixotasunak eragin ditzaketen germenak, materia organikoa, partikula solidoak eta erradioaktiboak ekartzen dituzte uretara. Isuri ezagunenak dira hondakin-urak, ur beltzak eta etxeko hondakinenak. Gure gizarteak ohitura du horiek desagerrarazteko, hurbileko ibaira edo itsasora doazen estolda-sareetara isurtzea.

Gauza bera egin izan da industria-hondakinak desagerrarazteko ere. Hondakinak (izan hiri-hondakinak zein industria-hondakinak) txarto kudeatuz gero, edo tratatu gabe utziz gero, jario toxikoak sortuko dira zenbait biltegitatik, zabortegitatik, putzu beltzetatik, eta abarretik; jario horiek lurrera iragazi, uretaraino iritsi, eta berau kutsatuko dute. Era berean, nekazaritzako jarduerek kutsatutako lurretako toxikoak, hurbileko akuiferoetara iragazten dira.

Beste alde batetik, urak ez badu bizitza ahalbidetzeko behar besteko oxigeno proportzioa, horrek akabera ekarriko dio —eutrofizazioak ere eragin dezake hori: nutriente gehiegi egon, eta alga gehiegi hazten dira. Hiltzen direnean, deskonposatu egiten dira eta, horretarako, oxigenoa baliatzen dute. Prozesu naturala bada ere, munta handikoa bada, urak duen oxigeno guztia kontsumituko du—. Beste alde batetik, industria-jarduerak ura baliatzen du, sarri, makinak hozteko. Ur hori, gero, ondoko ibaietara, aintziretara, eta abar isurtzen dute, eta horrek kutsadura termikoa eragiten du: ur beroa sartzen denez, behera egiten du oxigenoak, eta zailagoa da landareentzat eta arrainentzat uretan bizitzea. Amaitzeko, istripuak dira azken urteotan gehien kezkatzen gaituen kutsadura iturria, adibidez: substantzia pozoitsuak itsasotik garraiatzen dituzten PRESTIGE bezalako itsasontzienak.

Argi izan behar dugu ura baliabide mugatua dela, eta oso baliotsua. Ez da sortuko dagoena baino ur gehiago, eta urik gabe ezin dugu bizi. Uretara botatzen duguna, bueltan etorriko zaigu. Zoritxarrez, botatako zabor guztia jasotzen ari gara orain. Kutsatutako urak, tratatu ezean, ezin dira berriro erabili; gaur egun oso azkar kutsatzen dugu, eta ez dugu erritmo berean garbitzen (gehienetan, planteatu ere ez dugu egiten garbitu behar dugula). Interes ekonomikoak eta gizarteak bizi duen kontzientzia-falta medio, ohitura zaharrei eusten diegu, eta, horrek, hondamendi ekologikora garamatza.

Zaindu dezagun baliabide hau.

AIREAREN KUTSADURA

Biztanleen % 90ek baino gehiagok aire kutsatua arnasten du, OMEren (Osasunaren Mundu Erakundearen) balioak aintzat hartuta. Hala islatzen dute espainiar estatu osoan jaso, eta Ecologistas en Acción taldeak urteko bere txostenean aztertutako datuek.

Osasunari arazo larrienak eragiten dizkieten kutsagaiak dira partikula esekiak (PM10 eta PM2,5), ozono troposferikoa (O3), sufre dioxidoa (SO2) eta nitrogeno dioxidoa (NO2). Ingurune urbanoetan (biztanle gehienak bizi diren ingurunea, hain zuzen ere), ibilgailuen trafikoa da horien iturri nagusia.

Arnasten dugun airearen kalitatea hobetzeko, beharrezkoa da motordun ibilgailuen trafikoa murriztea, mugikortasun-beharra txikitzea eta garraio publikoa bultzatzea (batez ere, elektrikoa). Gainera, hirietan erraztasunak eman behar zaizkie motorrik gabeko ibilgailuei.

Airearen kalitatea hobetzeko eta horrelako kutsadura txikitzeko ekintza planak derrigorrezkoak dira indarreko legeriaren arabera; ordea, kasu askotan existitu ere ez dira egiten, eta, beste kasu batzuetan, apenas diren eraginkorrak, borondate politikorik ez dagoelako. Autonomia erkidegoen eta udalen ardura da horrelako planak kudeatzea. Gure ustez, airearen kalitateari buruzko informazio eguneratua emateko sistemak ezarri behar dira udalerrietan; kutsadura-mota hori kontrolatzeko eta txikitzeko kontrol-plana egin behar da; eta iturri kutsatzaileen (enpresak eta trafikoa) kontrola egin behar da.

SOINU KUTSADURA

Kutsadura akustikoa da hiri handietako arazo larrienetako bat, eta hiritarren osasunari zein bizitza-kalitateari eragiten die. Ondorioz, gero eta handiagoa da kutsadura akustikoaren inguruko kontzientziazio maila. Gero eta gehiago dira kutsadura akustikoa aztertu, eta zarata-maila handien eta gaixotasunen arteko loturak egiaztatzen dituzten ikerlanak. Era berean, gaia arautuz joan da, batez ere nazioarteko erakundeek akuilatuta, OME (Osasunaren Mundu Erakundea) eta EB (Europar Batasuna) kasu. Hala eta guztiz, kutsadura akustikoa kontrolatu eta gutxitzeko neurriak ezartzeko ardura duten sektore politikoek eta adiministrazioek ez diote, oraindik orain, dagokion arreta eman gaiari.

Zarataren mapek islatzen dute zarata-maila jakin batzuk pairatzen dituzten biztanleen ehunekoak. Legeek diote zarata horiek 5 urtean behin berrikusi behar direla. Informazio estatistikoan oinarritzen dira batez ere (kaleetako/errepideetako trafiko-dentsitatea; trenbideetako eta aireko trafikoa; gaueko jarduera), eta neurketa errealetan ere bai.

Ibilgailuen trafikoa da kutsadura akustikoaren iturri nagusia hirietan. Hala eta guztiz ere, araudi eta legeek jarraitzen dute mugikortasun jasangarriaren ildoari heldu gabe (bizikleta erabitzea sustatzea; hiribilduetatik kanpo eta garraiobideetatik hurbil kokatutako aparkalekuak; abiadura-muga altuagoak etxebizitza, ospitale edo ikastetxe inguruetan...); horren ordez, gaueko aisialdia kontrolatzera mugatu dira (baina, hori, oso eremu zehatzetan ematen da, une jakin batzuetan).

Behar-beharrezkoa ikusten dugu udalerrietako zarata-mapak eguneratzea, neurri zuzentzaileak eta prebentziozkoak finkatzea, eta zaratak herritarrei zein administrazio eskudunei eragindako arazoei buruz sentiberatzea eta heztea. Ibilgailuen kopurua murriztu behar da, ibilgailu isilagoak sustatu, garraio publikoa erabiltzea bultzatu, eta abiadura-mugak handitu. Era berean, hiri-paisaian zenbait jarduera egin beharko lirateke, hala nola: zarataren aurkako pantailak jartzea; espaloi zabalagoak egitea; errepideetako ibilbide-ardatza aldatzea; asfalto porotsua...

KUTSADURA ELEKTROMAGNETIKOA

Ez da ikusten, ez da entzuten, baina, gaur egun, gehien arduratzen gaituen kutsaduretako bat da. Batzuek diote teknologia hau da gizadia subjektutzat duen saiakera handiena. Tokiko administrazioak dagozkion neurriak hartu behar ditu herritarren osasuna babesteko (zuhurtasun-printzipioa); horretarako, teknologia horien erabilera mugatu eta arautu behar du, bere eskumenaren peko eremuan.

2009an WiFia jarri zuen Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan, «Eskola 2.0» programarako beharrezkoa zelako Internetera konektatu ahal izatea. Erabaki hori, baina, Europako Kontseiluaren 2011ko maiatzeko 1815 Ebazpenaren aurkakoa da. Bertan, herritarren osasuna babesteko eskaera egin zien Europako Kontseiluko Legebiltzarrak estatu kideei eta, horren harira, eta, bereziki, haurrak eta gazteak babestu beharko liratekeela aintzat hartuta, ikastetxeetan kable bidezko konexioari lehentasuna emateko gomendioa bota zuen Kontseiluak.

Behar-beharrezkoa da telefonia mugikorrerako antenak jartzea mugatzen duten udal araudiak babestea, herritarren osasuna babesteko argudioarekin.

Kable bidezko konexioa bermatua duten udal eraikinetako WiFi sareak kendu behar dira.

Zuhurtasun-printzipioan oinarrituta, eta sentiberak diren herritarren mesedetan, ikastetxeetan WiFi sistemak kentzeko eskatau behar da; ikusgai egin behar da elektrosentsibilitatea, eta laguntza eman gaixotasun hori pairatzen dutenei.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek