HONDAKINAK

img
img

SARRERA

GUTXITU, BERRERABILI, BIRZIKLATU

Premiazkoa da hiri-hondakin solidoen (etxeko zaborra) arazoari heltzea. Izan ere, hiri-hondakin asko sortzen ditugu, eta administrazioak desegokiro kudeatzen ditu. Administrazioak bermatu behar du hondakin guztiak tratatzen direla, eta horietatik ahalik eta gehien berreskuratzen dela: birziklatu ezin daitezkeen edota birziklatzeko zailak diren hondakinak aurreikusi behar dituzte.

Birziklatzen duen gizarte baterantz jo behar dugu, eta, horretarako, herritarrak kontzientziatu behar ditugu eta sortzen dugun hondakin-kopurua gutxitu behar dugu. Merkaturatzen diren produktuak arautuko dituen legeria behar da, non lehentasuna emango zaien berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko errazak diren horiei.

Beraz, hondakinak gutxitzea eta jatorrian bereiztea dira gakoak, hondakinak egokiro kudeatuko dituen katea abiarazterakoan. Horiek dira eman beharreko lehen urratsak, hain zuzen ere, Hondakinen Kudeaketari buruzko 22/2011 Legeak jasotzen dituenak. Aipatutako Legeak, zortzigarren artikuluan, honako hierarkia printzipio hau ezartzen du: Prebentzioa; berrerabiltzeko prestatzea; birziklatzea; balioztatzea (energia-kostua barne); eta, azkenik, deuseztatzea (isurtzea edo erraustea, energia berreskuratu gabe).

Bizkaian, kontrako norabidean diseinatutako politika bat iraultzeko lehen pausuak ematen ari gara. Izan ere, erraustea da, gurean, zaborra tratatzeko prozesuko gakoa.

GAIKAKO BILKETA ETA MATERIA ORGANIKOA KONPOSTATZEA

«Zaborraren » pisu osoaren % 45 materia organikoa da. Hori dela eta, funtsezkoa da materia organiko horren gaikako bilketa ezarri eta orokortzea, are gehiago Europako gidalerroek 2020rako finkatutako birziklatze-helburuak bete ahal izateko. Dagoeneko martxan da hondakin organikoak batzeko edukiontzia, EAEko zenbait udalerritan.

Guk zera proposatzen dugu: hondakinak bereizteko sistemak hobetzea, horien birziklatzea optimizatzeko eta orain arte birziklatutako hondakinen ehunekoa handitzeko; ontziak gordetzeko, itzultzeko eta bueltatzeko sistemak ezartzen laguntzea; hondakin toxikoen gaikako bilketa erraztea, beste hondakin batzuk kutsatu ez daitezen; gaikako bilketa hedatzea, bai bosgarren edukiontziaren bidez, bai atez atekoaren bidez —udalerriek zer nahiago duten—, ahalik eta lasterren hedatu dadin ahalik eta udalerri-kopuru handienera eta herritar guztiengana; eta babesa ematea banakako zein taldekako konpostajeari.

Ezinbestekotzat jotzen dugu hondakin organikoen gaikako bilketa orokortzea, eta konposta egiteko instalazioen sorrera sustatzea, udalerri zein eskualde mailan. Hondakinak gutxitzeari, kudeatzeari eta birziklatzeari buruzko sentiberatze eta kontzientziazio programa integrala garatzea.

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek