ALBISTEAK

  • 23 Aza, 2023

    Basauriko Baso autoktona, Neguko saioa

    Neguko lanak Basauriko baso-haztegian

    Pasa den igandean, jardunaldi bat egin zen Basauriko Iruaretxeta baso-haztegian Jurgi Uriarte permakultorearen eskutik. Urtaro bakoitzean egin da lansaio bat, sasoi bakoitzean ze lan egin behar diren ezagutzeko, eta oraingo honetan neguko lanak tokatu dira. 15 pertsonako taldeak era praktiko batean ikasi genituen neguan baso-haztegian dauden zereginak.

    Lehen pausua haztegian zehar haziak bilatzea izan zen. Taldekideek, besteak beste, haritz amerikarraren ezkurrak eta elorri zuriaren haziak topatu zituzten.

    Behin hazi nahikoa batu ondoren, Jurgik hauen estratifikazio prozesua azaldu zuen, zuhaitz eta zuhaixken haziak gorde eta ernetzeko erabiltzen den teknika. Lehenik eta behin balio duten haziak identifikatu behar dira eta horretarako urperatu egiten dira. Hondoratzen direnak aukeratu eta gainazalean gelditzen direnak baztertuko ditugu. Ondoren, zuloak dituen ontzi baten hondoan ehun bat jarri eta harearekin estaliko dugu. Haziak bertan kokatuko ditugu, beti ere batetik bestera tarte nahiko utzita. Haziak berriz harearekin estali eta prozesua hasiko dugu berriz geruzaz-geruza, ontzia bete arte. Bukatzeko, kontu haundiz ureztatuko dugu ontzia eta kanpoan utziko dugu udaberria iritsi arte. Haziak ernetzeko denbora izango dute ordurako eta ontzitik atera ditzakegu arreta handiz lurrean landatzeko.

    Hazi motaren arabera hainbat ontzi prestatu ondoren, Jurgik infusio berezi baten prestaketarekin jarraitu zuen: konpost-tea. Aurretik egindako lan saio batean haztegiko konpostagailua hustu zen haztegian banatzeko. Konpost honen zati bat urperatuz ur kontzentratu bat lortzen da, non konpostaren elikagai eta mikroorganismo guztiak dauden. Kontzentratu hau urarekin disolbatu eta lur eremu haundiak ureztatu ditzakegu konpost kopuru txiki batetik abiatuta.

    Jardunaldiaren bukaeran haztegiko zuhaitzen inausketa egin zen, eta jasotako adarrak haztegian erabiliko dira lurra babesteko.

    Jardunaldi interesgarria izan zen, eskerrik asko Jurgi!

    "Bertoko basoa sortuz" taldean parte hartzera animatzen zaituztegu, txoko hau tokiko basoaren adibidetzat mantentzeko eta bertako jardunbide egokien eredu izateko. Parte hartzeko interesa baduzue, jarri zaitezte gurekin kontaktuan ohikokanalenbidez.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek