ALBISTEAK

  • 18 Aza, 2023

    Kontsumo. Kooperako arropa birziklatzeko zentroara bisita:

    Kooperako arropa birziklatzeko zentroara bisita: "Prozesatutako jantzi bakoitzak 3 minutuko enplegua sortzen du".

    Koopera Reusing Center enpresaren Mungiako lantegia bisitatu dugu. Bizkaian kokaturik, enpresa horrek birziklatzen eta saltzen ditu bota ditugun arropak.

    Ostiralean, azaroak 3, Koopera enpresak Mungian duen ehunen, jostailuen, oinetakoen eta poltsen tratamendurako instalazioa ezagutzera hurbildu ginen. Georges Laguna Kooperako komunikazio eta marketin taldeko kideak harrera egin zigun eta hau ez dela instalazio bakarra komentatu zigun, Valentzian arropa kudeatzeko horrelako beste planta bat dagoela. Gallartan etxetresna elektriko txikiak prozesatzeko ere instalazio bat daukatela eta Laukarizen beste planta bat eraiki berri dutela adierazi zigun.

    Lantegiaren barrualdea bisitatzen hasi aurretik, ekimen honen jatorriaz hitz egin genuen. Duela 30 urte, birziklapenaz, elkartasunaz, enplegu sozialaz arduratutako pertsona talde bat bildu zan Basaurin (Caritas, Sagarrak talde ekologista). Talde honek REZIKLETA jarri zuen martxan, gaur egun finkatuta dagoen KOOPERA proiektuaren enbrioia.

    Georgesek infinituaren zeinua aurkezten digu, etzanda dagoen zortzikoa, ekonomia zirkularra deiturikoaren barruan Kooperaren lanaren bi lerroak (zikloak) modu grafikoan laburbiltzeko balio duena.

    Lehenengo zikloari ziklo soziala deitzen zaio. Kooperan prozesatzen den jantzi bakoitzak gutxi gorabehera 3 minutuko enplegua sortzen du. Prozesatutako milioika jantziek sortutako 500 lanpostuetara garamatzate. Lanpostu horien % 55 birlaneratzeko kontratuak dituzten pertsonek betetzen dituzte. Kooperak prestakuntza-programa dauka, eta behin pertsona horiek enpresan hirugarren urtea bete ondoren lan-merkaturatzeko prozesuan laguntza izaten dute, lanpostu berrietara egokitzen diren bitartean kontaktuari eutsiz.

    Bigarren zikloak ehunen tratamendua adierazten du, hau da, arropa berreskuratzeko, eraldatzeko eta berrerabiltzeko prozesua. Prozesu hau gure jantziak Koopera edukiontzira botatzea erabakitzen dugunean hasten da. Edukiontzi horiek bildu eta Mungiako instalaziora helduko dira, eta han arropa prozesatuko da, hainbat etapatan. Aipatu behar da ez direla bertako jantziak bakarrik tratatzen, baizik eta Asturias eta Kantabriatik ere datozen ehunak prozesatzen direla. Kooperak, halaber, hainbat marka eta jantziren stock-soberakinak tratatzen ditu ( dendetatik erretiratzen direnak eskari faltagatik, moda-aldaketengatik edo eta akats txikiengatik…)

    Behin batutako produktua Kooperako instalazioetan dagoela sailkapen-prozesua hasten da. Lehenik eta behin, produktuak hainbat kategoriatan sailkatzen dira, hala nola arropa, oinetakoak edo jostailuak. Poltsa kendu, jantziaren egoera baloratu eta sailkapen berria egingo da. Bertan, langileek produktuaren denboraldia adierazten diote sistemari (udaberria, uda, udazkena edo negua) ahots-komando baten bidez, eta, horrela, jantzia automatikoki zuzentzen da erregistratutako eremura. Azkenik, merkatura itzultzeko baloratutako jantziak esekitokietan zintzilikatzen dira eta salmenta-prezioarekin etiketatzen dira. Ozono bidezko desinfekzio-prozesu baten ondoren, jantziak Euskadiko bigarren eskuko dendetara, Asturiasera eta Kantabriara banatzen dira.

    2022ko enpresaren memorian jasotako datuen arabera, 16.653 tona arropa kudeatu ditu. Bildutakoaren % 59,3 Koopera Storeren salmenta-kanalen bidez berrerabili ahal izan da; % 22,4 beste enpresa batzuek birziklatzen dute hari berriak edo/eta isolamendu panel berriak sortzeko, eta, azkenik, % 18,3 balorizazio energetikora bideratu zen (errausketa).

    Espainiar estatuan arroparen % 15 inguru birziklatu da, eta Euskadin kopuru hori % 25eraino igotzen da. Zifra horiek erakusten digute zenbat ehun-produktu kontsumitzen ditugun, eta gure kontsumo-ohiturei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte.

    Beharrezkoa al da ekoizpena eta moda-aldaketa ohikoak arrazionalizatzea? Akats txikiak dituzten arropen prezioa jeitsi ahal zen, baztertuak izan ez daitezen?

    Zer eragin dute gizarte-ekonomiako jarduera horiek biztanleriaren kontsumo-ohituretan? Jarduera horiek ehun-kontsumo txikiagoari, moda azkarreko kontsumo txikiagoari edo fast-fashion kontsumoari buruzko kontzientziazioa sortzen al dute? Dendatik zure armairura eta zure armairutik zabortegira joan ohi denaren kontsumoa gutxiagotzen laguntzen dute?

    Legegileek argi dute erantzuna: 2025ean lege bat ezarriko da, dendei soberakina suntsitzea debekatuko diena. Ez hori bakarrik, baizik eta udalak behartu egingo dituela udalek ehunen gaikako bilketa egitera.

    https://www.koopera.org/memoria2022/

    Hondakinen legeari eta 2022/2025/2030ean bete beharreko helburuei buruzko informaziorako esteka:

    https://www.elsaltodiario.com/consumo-que-suma/la-nueva-e-importante-ley-de-residuos-un-recurso-para-el-cambio-


    Fitxategia deskargatu

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek