ALBISTEAK

  • 25 Ira, 2023

    Baso autoktonoa sortzen: boluntario jardunaldia.

    Dozena bat lagun hurbildu ziren Iruaretxetako mintegian (Basozelaiko aintzinako tiro-eremua) programatutako lan boluntario jardunaldian partehartzera. Goiz atsegin honetan gogotsu ekin diogu lanari. Joan den ostiraleko prestakuntza eguna eta gaurkorako programatutako lana lotu behar izan dugu (ostiralekoa euriak galarazi egin zigun egitea).

    Jurgi Uriarteren eskutik, aurreko saioetan egindako lana gogoratu dugu: "... basoan gertatzen den prozesu naturala imitatzen ari gara. Udazkenean hostoak lurrera erortzen dira eta denborarekin, euriarekin, eguzkiarekin eta deskonposatzaileen lanarekin landareentzako ( zuhaitzentzako eta zuhaixkentzako) elikagai organikoa sortzen duen geruza bat osatzen dute "

    Gure esku-hartzea, prozesu natural hori errespetatuz, laguntzeko bidean doa . Inguruko hosto lehorrak bildu eta gure "baso txikian" bota dugu orbel-geruza bat sortuz. Geruza horrek lurzorua babestuko du, eta hura garatzeko baldintza egokiak sortuko ditu.

    Lan horren ondoren, gure konpostontzira hurbildu ginen, eta konposta egiteko prozesuaz eta instalazio horrek kalitatezko ongarri organikoa egiteko izan behar dituen ezaugarriez hitz egin genuen. Gure eskuetan hartu genuen guk sortutako konpostaren eta Artigasko plantan egindako konpostaren laginak (azken hau etxeko materia organikotik abiatuta egina). Bi produktuen ehundura, kolorea eta usaina behatu eta alderatu genituen. Gure konposta produktu freskoa, hezea, usaintsua eta bizia da. Artigasena, berriz, lehorra eta bizirik gabekoa.

    Ondorengo jardunaldi batean, gure konpostontzia landuko dugu. Konpostontzia hustu egingo dugu eta sortutako ongarria mintegiko bankaletara botako dugu. Hori behin eginda konposta sortzeko prozesuari ekingo diogu berriro.

    Jardunaldiaren hirugarren fasean, zuhaitz edo zuhaixka bat erreplikatzeko teknika bat jorratuko dugu, eta zuhaixka baten gainean (zuhandor bat erabiliz) praktika bat egingo dugu. Teknika horren bitartez, landare bat adar batetik abiatuta landare heldu bat sortuko dugu. Ebaki bat egin, azalaren zati bat korapilo baten inguruan zuritu eta ongarri hezedun zaku txiki bat jarriko dugu. Landareak bizirik jarraituko du, baina puntu horretan erroitz berriak sortuko ditu. Denborarekin, adar hori askatu ahal izango dugu, eta landare berri bat bihurtuko da.

    Lan ona egin dugu, dudarik gabe. Beste alde, aurreko eguneko ekaitz gogorraren ondorioz eremu honetan jausitako makal handia kentzari ekin diogu.

    Lanaldi berrirako hitzordua ezarri dugu (azaroaren 10erako). jardunaldi horretan haziekin ekingo ddugu lan. Bitartean, landare-mintegira itzuliko gara berriro, gaur hasitako lanari jarraipena emateko.

    Agur bero bat eta eskerrik asko jardunaldi honetan parte hartu duzuen guztioi.

    Sagarrak


  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek