ALBISTEAK

  • 17 Mai, 2022

    Zuhaitzek antzinaroan duten presentzia eta gaur egun lekuen izenetan duten eragina #basaurikoarbolak

    Txerriari buruz esaten dena esan zitekeen gure baso eta zuhaitzez, dena-dena baliatzen zen, sustraietatik hasi eta orrietan buka: adarrak eta adaxkak, enborrak, azala edo kortika, fruituak, erretxina, orbela... Testuinguru honetan ulertzen da ondo Nerbioi erdialdeko harrotik gorako eskribauek baserri baten jabetzaren luze-zabala adierazi behar zutenean erabiltzen zuten “desde la hoja del árbol hasta la piedra del río” formula. Formula hau eta zuhaitzekin loturiko hainbat hitz, beheraxeago aipatuko ditugun, esquilmar edo chirpia, besteak beste, mendebalderantza zabaltzen dira Cantabrian barrena, gure olagizonei jarraitzen bide zieten gure basozainen lekuko akaso.

    “Oihanaren legea” erabili ohi da legerik gabezia edo adierazteko. Gure lehengo errealitatea oso bestelakoa zen. Basoen ustiapena zorrotz araututa zegoen, nahiz eta legeek orok lege hausteak ere badakartzaten beren aldean, zorrotz zigortutako tala, malcorte edo excesoak. Izan ere, zuhaitzak oinetik moztea baimen berezia behar zuen salbuespena zen. Oro har, zuhaitzak eskimatu (esquilmar edo desmochar erderaz) egiten ziren, adarraje edo burullo zeritzona kendu, alegia.

    Legeetan eta boterearen munduan, hierarkia da nagusi, baita basoetan ere. Goreneko mailan, erregetza bera zegoen. Errege armadarako itsasontziak eraikitzeko zinta edo zintalak emango zituzten zuhaitz zuzen, sendo eta luzeak, dandaiak, ateratzea ezin hausteko moduko lehentasuna zen. Horretarako, herriek mintegi eta basoak izan behar zituzten ondo erein-landatuak eta zainduak. “Libro de montes” zeritzenean eraman behar zen guztiaren kontrola. Holako liburu gutxi gorde dira, baina zorioneko gaude, Basauri ondoko Etxebarrik gorde baitu 1631-1761 urteak hartzen dituena. Holakoetan erregearen “superintendentearen” bisitak jasotzen dira. Zinta berezi horien lekuko dugu Etxebarriko bertako Zintuduri toponimoa, beste leku batzuetako Zintadui askoren pareko. Amaiera bitxi hori, Basaurin eta inguruan usu ikusten dugu: Arboladuria, Ziduri ‘ihidoi edo junkera’ Zaratamon…

    Olek ere bazuten, jabeak haundikiak zirenez gero, hierarkia horretan basoen egurra aprobetxatzeko eskubide berezia. Haientzat gorde behar zen baso kopuru bat, horren lekuko Olabaso izeneko basoak eta akaso, frogantza falta bazaigu ere, Zeberio-Zollo inguruetako burdinbaso ugariak ere. Ola hauek elikatzeko beharrezkoa zen ikatz piloaren beharrak ia kolapsora eraman zituen gure basoak, “mendian dena ez baita pagotxa”.

    Eliza, ondo jakina denez, suprabotere guztiahalduna genuen eta dugu eta basoen jabetza ere ezin salbuespena izan. Elex(a)baso izeneko basoak ditugu Zeberion eta beste hainbat lekutan. Eliza ezberdinen izenen bidez kamufaltuak ere nonahi: Madalenabaso, Santomasbaso, Sanjustubaso eta abar.

    Uriek ere, Bilbao eta Ugao gure eskualderako, jurisdikzio pribilegiak zeuzkaten eta horien ondorioak dira jabetza berezi batzuk. Pagazarri inguru guztia Abando eta zatiz Arrigorriarena izanik ere, Bilbao uriarenak ziren hango basorik gehienak. Arrigorriagari zegozkioetariko batzuk Basaurik gorde ditu Alonsotegiko mendialdean, Artiba-Aldanondo inguruetan. Arrigorriagako Uribaso izenak ere argi uzten du Bilbaoren eskuaren luzea. Basauriko Iruaretxeta, egun Campo de Tiro eta El Maño izenek estalia, Bilbaok gurean zituen etxe zentsuarioetariko bat dugu.

    Herri basoak, montes comunes o concejiles erderazko dokumentazioan, baziren jakina. Euskaraz exidu esaten zitzaien. Askotan auzo edo kofradiei zegozkien, eta ez herri ososari. Kofradiabaso esaten zaie Zeanurin, kasu. Komunalak ez baina etxeei zegozkienak, aitzitik, etxebasoak ziren. Baina auzobaso horiek etxeen edo partikularren artean banatzen ziren sarritan edo herritarrek libre landa zitzaketen bertan beren zuhaitz propioak. Auzoexidu esaten zitzaien horiei, suertebaso Uribe Kostan. Izan ere, baserri bakoitzari suerte edo txantel bat ematen zitzaion. XIX. mendean horietariko gehienak gerren zorrak ordaintzeko saldu eta pribatizatu ziren eta beste asko, bestela ere, Buja-Seberetxen ezaguna dugunez, baserrien jabetza pribatura pasatu ziren inork nola ez dakiela.

    Mintegietan txirpiak sartzen ziren eta garrasta eginda, erderaz cagijo, basoan landatzen ziren. Hainbat kontratutan horrenbeste garrasta landatzeko obligazioak ezartzen ziren.

    Honelako gauzak eta paper zaharren irakurketaren beste hainbat xehetasun partekatu ziren joan den osteguneko solasaldian, ekimen xume-goxoan eta maitagarri batean.

    Ander Ros (Onomastika Elkartea)



  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek