ALBISTEAK

  • 15 Ots, 2017

    Oiz mendian bertoko arbolak landatzea. Sagarrak-Ekologistak Martxan eta Eko-Oiz elkarteen ekimena.

    Joan den urteko basoberritze-egunaren arrakasta eta gero, 50 bat lagun —Sagarrak-Ekologistak Martxaneko boluntarioen sareko, eta Eko-Oiz elkarteko kideak— batu ginen joan den otsailaren 12an (igandea), bertoko arbolak landatzeko Oiz mendiaren (Munitibar) magaletan, Eko-Oiz elkartearen lursail batzuetan. Erreka ertzetan, itxituran, eta ipar zein hegoko eremuetan aritu ginen, eta, guztion ahaleginei esker, ia-ia 500 ale landatu genituen: haltzak, zuhaixka eta frutarbola txikiak (andere-mahats beltza), haritzak, arteak, hurritzak, gereziondoak eta sagarrondoren bat. Sagarrak taldeak kudeatzen duen Iruaretxetako (Basauri) haztegitik eraman genituen arbolak.

    Esku-hartze horien helburua da euskal baso mistoa berreskuratzea, apurka-apurka. Gaur egun oso kaltetua dago, desagertuta ia (kantauriar eremu ia osoan bezalaxe), pinuaren eta eukaliptoaren ustiatze masiboa, eta administrazioek egindako baso-kudeaketa txarra dela eta.

    Landatzen ibili eta gero, bertoko produktu ekologikoak dastatu ahal izan gehituen Zabaleiturriaga baserrian: gazta, barazki-pateak, zukuak, ardoa… Parte-hartzaile batzuek, beste lurralde batzuetako jakiak ere ekarri zituzten.

    Merezitako atsedenaldia eta gero, irina egiteko Elorza ur-errota ezagutzera joan ginen: Eko-Oiz elkartekoak zaharberritze lanak egiten ari dira bertan, eta espero dugu laster martxan ikusi ahal izatea. Gero, inguruko lurzatietan dauden ortu ekologikoak bisitatu genituen, eta txikienek babak landatu zituzten.

    Eguna amaitzeko, «Berdeago»ra joan ginen, Durangon antolatutako Ingurumen Jasangarritasuneko Euskal Azokara, Eta jasangarritasunari, kontsumo arduratsuari eta osasunari lotuta aurkeztutako proposamenak eta alternatibak ezagutu genituen (energia-eraginkortasuna, mugikortasun jasangarria, elikadura ekologiko eta osasuntsua, eta abar).

    Ezin dugu kronika hau amaitu azpimarratu gabe adin guztietako jendeak hartu zuela parte basoberritze-ekimenean, eguraldia oso atsegina izan ez bazen ere. Beraz, eskerrik asko, haur eta heldu: zuen ahalegin eta gogo bizirik gabe, ez litzateke posible izango horrelakoak aurrera eramatea. Eta gogoan izan: beste basoberritze-egun bat antolatuko dugu Malmasin mendiaren magaletan, Iruaretxetako haztegi ondoan, Basaurin.

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek