ALBISTEAK

  • 20 Ots, 2020

    Sagarrak partaide duen Zero Zabor Bizkaian plataformaren komunikatua.

    Lehenik eta behin, familiaren eta lurperatutako bi langileen (Alberto eta Joaquinen) lankideen sufrimenduarekin elkartasuna adierazten du Zero Zabor Bizkaia elkarguneak.

    Gertatutakoa ez dela istripu bat izan, baizik eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko darabilten ereduaren ondorio latza salatu nahi dugu. Instalazioen segurtasuna zaintzeko, eta ondorioz, herritarren segurtasuna bermatzeko, ez direla behar adina ahalegin egiten erakutsi dute berriro. Egoera horren gako nagusia zabortegien kudeaketa pribatuan datza; ondorioz, onura ekonomiko handiena lortzeko asmoz, zabortegien beharrezko segurtasun-bermeak ezabatzen dira. Beste behin ere, gertakari eta irregulartasun larriak errepikatu dira. Eta ezin ahaztu, Zallako zabortegian gertatu berri diren suteak (oraindik argitu gabe daudenak), edota jakin berri dugun beste batzuk; hala nola, Mutiloako zabortegia ixteko iragarpen susmagarria edota Gasteizko Gardelegi zabortegia, urtetan Zadorrako uretara lindanoa isuri duena.

    Zaldibarko zabortegiaren kasuan, Verter Recycling 2002 enpresak kudeatu arren, jarduera kontrolatzea eta araudia betearaztea Eusko Jaurlaritzaren ardura da. Halere, Zaldibarko zabortegiak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegirik handienak, irregulartasun oso larriak zituen:

    2015ean, epai batek ohartarazten zuen bezala, zabortegiak baimenik gabeko hondakin arriskutsuak jaso zituen zehaztugabeko tarte batean; beraz, ez dakigu zer hondakin dauden eta zer egoeratan dauden.
    Administrazioak egindako txosten batean, zabortegiak kalifikazio baxuena jaso zuen ingurumenaren zaintza eta Ingurumen Baimen Integratua betetzeari dagokienez. Akats horiek direla eta, Administrazioak zigor-espedientea ireki beharko zukeen berehala, 8 hilabete itxaron gabe. Hala ere, 2019ko azarora arte itxaron zuen espedientea irekitzeko, eta 30 eguneko epea eman zion akatsak zuzentzeko. Epe hori amaitu arren, enpresak ez zuen bete. Ondorioak ezin dira zoritxarrekoagoak izan.
    Geoteknian adituak diren hainbat pertsonen ustez, zabortegiaren kokapena ez zen egokia: etengabeko trafikoa jasaten duen autobide baten gainean gehiegizko maldak ez ezik, herrietatik gertu dagoen kokalekuak ere iritzi horiek indartzen dituzte. Horrek guztiak horrelako instalazioetarako baimenak nola ematen diren hausnartzera garamatza.
    Zabortegiko luiziak eragindako larrialdiari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren zein Administrazio publikoen aurreikuspen falta salatzen dugu, bai lurperatutako langileen salbatze laneko lehen uneetan, babes-neurri egokirik gabe; bai ondoren, dioxinek eta furanoek eragindako kutsaduraz biztanleriari behar bezala ez ohartarazteagatik, plastikoak eta amiantoa bezalako materialak erretzen ari zirelako kontuan hartuta.
    Administrazioak, hots, Eusko Jaurlaritzak, derrigorrez zekien metanoa bazegoela, eta metano pilaketa horren ondorioz sortutako suteak ezin direla urarekin itzali, lehen egunetan egiten saiatu zen bezala.

    Halaber, Ingurumen Sailak pairatzen duen 'utzikeriaren' ondorio izan dela uste dugu, bereziki hondakinen arloak, zabortegiak bezalako zerbitzu publiko batek eskatzen duen beharrezko kontrol lanari aurre egiteko bitarteko eta baliabide gutxirekin. Klima-larrialdia adierazi den urtean, hondakinen kudeaketak arranditsu hitzak baino zerbait gehiago behar du.


    Administrazioak segurtasuna eta lasaitasuna eman behar dizkio zerbitzatzen duen biztanleriari, eta, zabortegiak behar bezala kudeatuz eta kontrolatuz, galdutako sinesgarritasuna berreskuratu. Isuritako hondakinen jatorria gardentasunez helarazi behar du, amiantoaren kasuan, zein hondakin arriskutsuen isurketen kasuan.

    Azaldutako guztiagatik, Zero Zabor Bizkaian elkarguneak oinarrizko eta garrantzi handiko hurrengo puntuak betetzea eskatzen du:

    1.Alberto eta Joaquinen gorpuak berreskuratzeari lehentasuna eman dakion.
    2.Luzamendutan ibili gabe, luiziaren egoera eta arrazoiak, baita hondakinen karakterizazioa eta jatorria ere argitzea, bereziki amiantoari dagokionari. Era berean, hondakinen norakoa zehaztea.
    3.Zaldibarko zabortegia luiziaren ondorioz sortutako aire-, ur- eta lurzoru-kutsadurari buruzko informazio gardena eta berehalakoa.
    4.Herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzea.
    5.Zabortegian amaitu diren hondakinen kontrol ezaren erantzukizunak, Verter Recycling 2002 enpresarena zein nahastuta dauden Administrazio publikoena
    6.Verter Recycling 2002 enpresak eta nahasita izan litekeen Administrazio publikoak zabortegian amaitu diren hondakinen kontrol ezaren erantzukizunak har ditzatela
    7.Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako zabortegiei buruzko informazioa argia, egiazkoa eta gardena izatea.
    8.Zabortegiak, zerbitzu publiko direnez gero, negozio pribatu izateari utzi eta kudeaketa eta kontrol publikokoak izatera pasa daitezela.

    Zaldibarren gertatutakoak hondakinen arazoaren aurrean jarri gaitu, eta hondakinen kudeaketa ereduaren aldaketa baten beharra erakusten digu. Horri ekin beharko diogu, are gehiago kontuan hartuta 2016an amaitutako, eta handik geroztik luzatutako, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala baten bidez arautzen dela Bizkaiko lurralde historikoa. Premiazkoa da, beraz, gardentasunez eta parte-hartze demokratikoaren bidez, plan berri bat idaztea.


    Bilbo, 2020ko otsailaren 18a

    Fitxategia deskargatu

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek