ALBISTEAK

  • 05 Aza, 2026

    Basaurik bat egin du hiri-zuhaitzak hobetzeko herritarren proposamenen aurkezpenarekin

    • Berrogeita hamar bat udalerritako herritar taldeek, horien artean Basaurikoak, hiriko zuhaitzak hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete beren udalei.

    • Eskaerak urriaren 3an eta 4an egindako «Hemen zuhaitz bat falta da!» herritarren ekomapeotik sortu ziren. Estatu osoan, 300 udalerri baino gehiagotan 150.000 puntu kritiko identifikatu ziren hiriko zuhaitzekin lotuta.

    Bero-uhartearen efektua indargabetzea, hirien bizigarritasuna eta herritarren osasuna hobetzea eta euri-jasen ondorioak arintzea dira, besteak beste, herritarren ekimen honen helburuetako batzuk. Proposamenak Ecomapa.org tresnarekin egindako diagnostikoaren emaitza dira. Web horretan herritarrek beren auzoetako txorko hutsak, motzondo edo zuhaitz lehorrekin txorkoak eta txorko itogarriak seinalatu ahal izan dituzte.

    Erakunde antolatzaileen ustez, hiri-inguruneak muturreko fenomeno klimatikoetara egokitzea gero eta behar nabarmenagoa eta premiazkoagoa da. Hala ere, ohartarazi dute, klima gogortu eta herritarren kezka areagotzen den bitartean, udal gutxik jasotzen dituztela, modu estrukturalean eta zeharkakoan, udalerriak larrialdi klimatikora egokitzeko beharrezko neurriak.

    Gutxieneko proposamenen artean, erakundeek zuhaitzen kudeaketa hobetzea proposatu dute, arreta berezia jarriz zuhaitzak birjartzeari, txorkoetako erretxinak edo zementu drainatzaileak burdin hesiekin ordezkatzeari, eta txorkoak berak handitzeari.

    Gainera, hiri-diseinuan aldaketak egitea eskatzen dute, tamaina handiko zuhaitzak hazteko espazio gehiago egon dadin. Horretarako, zuhaitz-txorko konektatuak edo jarraituak, landaketa-zerrendak, egiturazko lurzorua, zoladura iragazkorrak eta beste irtenbide tekniko batzuk sartzea proposatzen dute. Biodibertsitatearen sustapena ere defendatzen dute txorkoetan basa-landareak garatzea ahalbidetuz. Jarduera horiekin batera, egiturazko eskaerak egin dira, hala nola zuhaitzaren plan zuzentzaileak onartzea eta hiriko zuhaitzak zaintzeko giza baliabideak eta finantza-baliabideak handitzea.

    Basaurin Sagarrak Talde Ekologistako kideek egindako Ekomapeoan 176 gorabehera erregistratu ziren: 4 txorko huts edo itsututa, 36 txorko motzondo edo zuhaitz lehor batekin, eta 136 txorko zuhaitzarentzat "itogarritzat" hartzen direnak.

    Sagarrak taldeak txosten bat aurkeztu dio Basauriko Udalari, udalerriko Ekomapeoaren emaitzekin eta hiriko zuhaitzak hobetzeko hainbat proposamenekin. Eskakizun nagusia da 2021ean onartutako Berdegune, lorezaintza eta hiri-zuhaiztien babesari eta kudeaketari buruzko udal-ordenantza uneoro betetzea eta betearaztea. Eta egindako ekomapeoarekin lotura zuzena duten alderdiei dagokienez, honako hau eskatzen da:

    - Identifikatutako txorko hutsak eta hori ahalbidetzen duten espazioetan dauden motzondoak berehala birjartzea (landatzeko denbora egokia kontuan hartuta), gure klimara egokitutako espezieekin, landaketa berriek hasieratik lurzoruaren, iragazkortasunaren, aireztapenaren, ureztatzearen eta garapen-espazioaren baldintza egokiak izan ditzaten

    - Aipatutako Ordenantzak ezartzen duenez, zuhaitz-txorkoak "diseinatuko dira arbola haziz doan neurrian txorkoahanditzeko aukera egoteko moduan, txorko-estalkiak bere forma eta irudiagaldu gabe eta, aldi berean, jatorrizko sendotasuna mantenduta”. Ildo horretan, zuhaitzaren lodierarako nahikoa ez diren txorkoak identifikatu dira udalerri osoan. Hori dela eta, enborra itotzen ari diren elementu kaltegarriak (burdin hesiak eta antzekoak) handitzeko eta/edo kentzeko edo ordezteko eskatzen da. Kasu askotan, eraztun zentrokidezko txorko metalikoak dira, enborraren hazkundera egokitzeko berariaz diseinatutakoak. Hori ez da egiten ari, eta, beraz, handitzeko eskatzen dugu. Era berean, erretxina drainatzaileak kendu egin beharko lirateke, eta ordeztu, artelatza estali behar den edo lekurik ez dagoen lekuetan, burdin sare egokiekin edo antzekoekin.

    - Ordenantzak honako hau ere adierazten du: "Egin beharreko obra dela-eta arbolaren bat lekuz aldatu behar bada, bere ezaugarrietarako ahalik eta egokiena den beste toki batera eramango da, eta, berau zegoen tokian, leku horretarako egokiagoa den beste arbola bat jarriko da. Ezinezkoa bada arbola beste toki batean landatzea, hori behar bezala argudiatuta utzi beharko da proiektuaren dokumentazioan." Egiaztapen-txosten hauek eskatzen ditugu Basauriko obretan moztutako azken zuhaitzen kasuan: Piru Gainza kalea eta Bizkotxalde parkea.

    - Hiriko zuhaitzen kudeaketa eta kontserbaziora eta hiri-birnaturalizaziora bideratutako baliabide ekonomikoak eta langile-baliabideak handitzea, udalerriko azpiegitura berdearen zaintza, mantentzea eta garapena handitzeko eta hobetzeko aurreko eskaerei aurre egin ahal izateko.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek