Joan den maiatzaren 10ean HAZIEN SAREA Euskadiko Hazien Sarea ezagutzera hurreratu ginen.
29 urteko elkartea dugu Hazien Sarea Elkartea, eta baserrietan bildu diren aintzineko hazien barietateak ikertzen, kontserbatzen eta zabaltzen ari da.
Basaldea deituriko inguruan landare haztegia ikusi ahal izan genuen. Gasteizko Udalak lagatako gune bat da, nekazaritza-ekologiako enpresen zentro gisa, eta bertan hainbat proiektu oso interesgarri garatzen ari dira. Besteak beste, Hazien Sarearena. Gune horretatik oso gertu, Abetxukuko baratze komunitarioak ere aurki ditzakegu, autokontsumorako baratzeak.
Hektarea bateko inguruko lursail batean gure eskualdeko espezieak ugaltzen dira: gari zuria, marrubi zurixkak, espinakak (Zeelanda Berriko espeziea), Deustuko tomatea, ilarrak, sendabelarrak eta beste hainbat espezie ezberdinak. Hori guztia negutegietan landatzen da, bankalak egur xehatuaz estalduta daude belar txarrak saihesteko. Gurbitzetarko txalotak landatzeko bankalean, belarra sahiesteko, paperezko estaldurarekin ere esperimentatzen ari dira.
Kanpoaldean, fruta-arbolen soroa eta hainbat patroitan txertatutako espezie asko ikusi ahal izan genituen. Lur lehorreko, azidokoa edo istiltzeko patroiei eta mintegian ugaltzen ari diren barietate ugariei buruz hitzegiteko eta ikasteko tenorea ere izan genuen.
Aurten 1.500 fruta-arbolatik gora banatu zaizkie Zaindarien Sarea osatzen duten pertsonei, eta datorren urtean banatuko direnak garatzen ari diren bankala ikusi ahal izan genuen. Zaindarien Sare honek aukera ematen du espezieak landan mantentzeko eta jarraipena egiteko.
Ondoren, Dehesaren Etxea ezagutzera hurbildu ginen. Leku horretan germoplasma-bankua dago, non galzorian dauden haziak gordetzen diren eta bertatik modu orekatu eta arduratsuan banatzen diren, betiere bankuan segurtasun-kopia bat utziz. Gainera, laborategia, ernetzeko kamera, lehortze azkarreko kamerak, oinarrizko liburuak dituen liburutegi zabala eta haziak garbitzeko makina daude hemen. Hilabete bakoitzeko lehen ostirala ate irekien jardunaldia da, eta bertan boluntario gisa parte har dezakezu. Gainera, leku honetan Olarizuko Lorategi Botanikoa bisita dezakezu.
Ezagutza garrantzitsu horri eutsi ahal izateko, baserritarrekin harremanetan egoten dira beti, eta haietatik informazio garrantzitsua ateratzen dute protagonisten baimenik gabe inoiz argitaratzen ez dituzten elkarrizketen bidez.
Beti bezala, laguntza guztia ongietorria da, eta ideia eta proiektuen topera daude. Beraz, Sarearekin bat egitera animatzen zaituztegu. Informazio gehiago aurki dezakezue haien webgunean: https://www.haziensarea.org/
HAZIEN SAREA bisitatzen itzultzeko merezi duen lekua da. Aurrerantzean berriro topatzeko aukera izango dugulakoan gaude.
Aurten, gure taldea “Zaindari sarearekin” bat egin dugu. Bi sagarrondo eta pikondo bat ekarri dugu gure herrira eta aurrera begira espezie gehiago ekarriko dugulakoan gaude!
eta zu, animatzen zara?