2025eko udaberriko lehen igande honetan, Sagarrak talde ekologistak ibaiertzeko zuhaixkak eta zuhaitzak landatuko ditu Artunduagako zubiaren inguruan. Ekintza sinboliko honek Nerbioi ibaiaren erriberako basoa berreskuratzeko lanari jarraipena emateko beharrari erantzuten dio. Era berean, zaborrak kontrolik gabe uzten ari diren ingurua garbituko dugu: kartoiak, latak, plastikoak...
Ingurune hori birnaturalizatzeko lana gure taldeak 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan egin zuen proposamenetik sortu zen. Proposamenak ibaiaren ertzak garbitzea, landare inbaditzaileak kentzea eta ibaiertzeko basoaren berezko espezie autoktonoak landatzea zuen helburu.
Planteatutako helburuak lortzera bideratutako bi jarduera egin dira. Egindako lanen ebaluazioa egiteko eta ezarritako helburuak lortzeko jarduketa berriak planteatzeko garaia da. Baso bat ez da egun batean hazten, ezta bitan ere. Jarduera sinboliko honekin, egindako lanari jarraipena emateko beharra planteatzen dugu.
"fallopia japonikoa" landare inbaditzailea kentzeko egindako lana baloratzen dugu. Ez da lan erraza, eta lan zehatza eta etengabea eskatzen du, landare hori gure inguruan zabal ez dadin. Landare inbaditzaileak kontrolatzeko jarduketa hau gure ibaiaren erriberan oso zabalduta dagoen "buddleja davidii" (tximeleten zuhaixka) delakora hedatu beharko da.
2023ko eta 2024ko bi ekintza horietan egindako landaketaren biziraupenari dagokionez, behaketak oso mugatua dela adierazten digu. Gure ustez, urtero egin beharko da gure ibaiaren ingurua ekologikoki lehengoratzeko lana. Beharrezkoa da emaitzak ebaluatzea eta landaketa berriak planteatzea, ezarritako helburua lortzeko: Nerbioi ibaiaren erribera ekologikoki lehengoratzea, gure herri inguruan.
Azpimarratzekoa da erriberako basoaren ezaugarriei buruzkoa eta gure inguruan dauden landare inbaditzaileei buruzko jarritako bi informazio-panelak. Panel horiek hezkuntza-lan txiki bat betetzen dute, eta horri jarraipena eman behar zaio nahitaez informazio eta kontzientzazio jarduerak bultzatuz.
Hondakinak bereizi gabe isurtzeari dagokionez, seinaleak jartzea behar beharrezko neurria da ibaiertzeko inguru hau errespetatua izan dadin. Beste alde, edukiontzi gehiago jartzea, inguruko biltegiei hondakinak kudeatzeko informazioa ematea eta ezarritako arauen errespetoaren kontrola beharrezkoa da ere. Isurketak ezabatu eta hondakinak dagozkien edukiontzietan bota ditzatela helburua lortzea ezinbestekoa da.