"Zure janari hondakin guztiak marroira". Lelo honekin Sagarrak talde ekologistak euren hondakin organikoak berreskuratzeko deia egiten die basauriarrei.
Sei urte dira hondakin organikoetarako edukiontzia gure herriko auzo guztietara iritsi zela. Gaur egun 5.185 familiak parte hartzen dugu gaikako bilketa honetan, Basaurin bizi garen familia guztien % 30. Urriaren 1etik aurrera familia guztiok dugu eskura edukiontzi marroia irekitzeko txartela.
Orain erabili egin behar dugu, gure etxeetako janari-hondarrak bertan utzi. Gure esku dago.
Materia hori bereiz berreskuratzea oso garrantzitsua da, erraustegira joatea saihesteaz gain ongarri organiko naturala bihurtuko baita (konposta).
Gure kontsumoa murriztea da gure hondakinak murrizteko lehen premisa. Ikerketa estatistikoek diotenez, gure erkidegoan egunean pertsonako kilo bat hondakin baino gehiago ekoizten dugu, eta horrek esan nahi du gure herrian egunean 42 tona zabor sortzen ditugula.
"Botatzen den guztia zaborrik ez da", mugimendu ekologistaren aspaldiko lelo bat da. Ohituta gaude berez paper-kartoia, beira eta ontziak* bereiztera eta bakoitza bere edukiontzian uztera, orain materia organikoaren ordua da. Materia hori gure zabor-poltsaren pisuaren % 30 eta 38 artekoa da. Janari hondarrak erretzea ez da irtenbidea. Bero-ahalmen oso txikia du, eta sortzen dena baino energia gehiago gastatu behar da prozesu horretan.
Zure hondakin organikoak bereiztu, marroira eraman!. Zure esku dago.
*Aparteko kapitulua hondakin plastikoen gaia da. Plastikoz ontziratutako produktuen kontsumoa saihestu eta minimizatu egiten du.