ALBISTEAK

  • 17 Uzt, 2024

    Kutsadura atmosferikoaren neurketak Galdakaon (NO2)

    Galdakaoko eskola-ingurunean atmosferaren kutsadura neurtzeko kanpainan lortutako datuak partekatzeko saioaren laburpena.

    Pasa den ekainaren 11n, Galdakaoko Eskola Agenda 2030 proiektuen erakusketa saioan parte hartzeko aukera izan genuen entzule gisa.

    Indar positiboz betetako bilera izan zen, udaletxeko osoko bilkuren aretoa bete zuten ikasle guztiek emana. Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateko alkateak eta ingurumen teknikariak, ikastetxeetako irakasleek eta familia batzuek ere parte hartu zuten bilkuran.

    23/24 ikasturtean egindako proiektuak aurkeztu ziren, besteak beste, eskola-inguruneetako airearen kutsadura neurtzeko herritarren zientzia-kanpainarena. Kanpaina horretan Bengoetxe, Elexalde bigarren hezkuntzako ikastetxeek eta Sagarrak Ekologista Taldeak hartu dute parte. Ikasle "eko-ordezkariek", proiektuan parte hartu zutenek, beste ikastetxeetako kideekin eta udaleko ordezkariekin kanpainaren nondik norakoak eta lortutako emaitzak partekatu zituzten.

    Neurketa-hodien eskuragarritasuna eta partehartzaileen lankidetza onari esker Galdakaoko udalerriko NO2 gasagatik kutsaduraren mapa lortu ahal izan zen. Ikastetxeak eta beste eremu interesgarri batzuen datuak lortu izan dira, besteak beste, kirol-instalazioak, osasun-zentroa, aisialdirako guneak eta auzo sakabanaten datuak.

    Emaitzak kontutan hartuta, irismen desberdineko proposamen batzuk planteatu ziren. Hala nola: aldaketak Galdabusako ordutegietan, erabilera errazteko; eskola-elkargunea aldatzea Elexaldera igotzeko; landare-estaldura handiagoa proposatzea.

    Galdakaoko alkateak interes handia agertu zuen egindako proposamenekin eta Galdakaoko udalerriko mugikortasunarekin lotutako gai guztietarako bere kezka adierazi zuen: metroa Galdakaora iristea, Bilbo eta Galdakao lotuko duen bidegorria (Bizizbizi kolektiboak hilabete bakoitzeko azken larunbatean antolatutako bizikleta martxan islatzen den betiereko erreklamazioa), Galdaobusa behar bezala funtzionatzea.

    Ondorengo estekan, egindako prozesuaren xehetasunak ikus ditzakezu, IES Bengoetxe BHIren ikuspegitik. Eskerrik asko parte hartu zuten bi institutuetako ikasle eta irakasle guztiei. Haien motibazio eta lana herritarren zientzia proiektu hau gauzatzeko ezinbestekoak izan dira.

    Site Bengoetxe

    Kanpaina horren ondorioz, udalaren ekaineko osoko bilkuran, aho batez, Galdakaoko ordezkaritza politiko guztiak udalerrian Emisio Baxuen Eremua ezartzearen aldeko mozioa onartu zuen. Ekimen hau aitzindaria izango litzateke, 50.000 biztanletik beherako Euskadiko BBE duen lehen udalerria izango baitlitzateke.

    Albisterako esteka

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek