ALBISTEAK

  • 14 Urr, 2022

    Ikasi baso autoktono bat sortzen Basaurin

    Nola sortu baso autoktono bat? Galdera horri erantzungo dio Basaurin egingo den ikastaroak. SETEMek eta Sagarrak Ekologista Taldeak parte hartzera animatzen zaituztegu. Lau saio teoriko eta praktikoz osatuko da, azaroko lau larunbatetan (5ean, 12an, 19an eta 26an) eta Birika Permacultura elkarteko Jurgi Uriartek emango du.

    Hiri-ingurunean, hiriko periferian edo landa-ingurunean baso autoktono bat modu ekologikoan sortzeko interesa duten pertsonei -16 urtetik gorakoei-, kolektiboei eta entitateei zuzenduko zaie ikastaroa. Ez da beharrezkoa ezagutzak izatea parte hartzeko, gogo betez etorri behar da bakarrik. Lau saioak 10:00etatik 13:00era bitartean izango dira Basozelai zentro zibikoan zein Iruaretxeta Mintegian. Izena eman daiteke dohainik eta, horretarako, bilbao@setem.org helbidera idatzi beharko da. Tokiak mugatuta daude.

    Saioetan zehar, baso autoktono baten atzean zer dagoen ikasiko dugu, haren konplexutasun eta landare-estratu ezberdin guztiekin. Aldi berean, zati praktikoetan, eskala txikian baso autoktonomo bat irudikatzen duen espazio bat sortzen ikasiko dugu, saiakera hori hirietako eta herrietako berdeguneetan berregiteko asmoz.

    Inguruko basoetara irtengo gara ekosistema konplexu mota hori sortzen ikasteko. 9 m2-ko lanketa bat ezin da basotzat jo, baina benetako baso batean ematen diren eredu asko simulatu ahal dira. Tamaina txikiko baso horiek fauna erakar dezakete ere bai, adibidez, txoriak, erleak eta zizareak.

    Interesgarria, ezta? Ba ez pentsatu gehiegi, toki mugatuak daude eta! Idatzi bilbao@setem.org helbidera, azaroaren 2a baino lehen, izena emateko edo zalantzak argitzeko. Laster arte!


  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek