ALBISTEAK

  • 08 Mai, 2019

    Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?, kanpaina aurkezten du.

    «Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?» kanpaina aurkezten du Sagarrak Ekologista Taldeak. Lurrean bizitza egoteko funtsezkoak dira arbolak. Beren garrantziak basoak eta naturaguneak ere gainditzen ditu. Izan ere, herri eta hirietan dauden arbolek ingurumenaren alorreko zenbait onura dakarzkigute: airearen kalitatea hobetzen dute, zarata gutxitzen dute (isolatzaileak dira), eta klima doitzen dute (hezetasuna handitu, eta tenperaturak epeltzen dituzte). Horrez gain, landare eta animalia-espezie ugariren etxea dira zuhaitzak —hegaztiak, intsektuak…—. Ez dugu ahaztu behar, eztaere, gizakiok historian zehar arbolekin izandako harreman berezia. Bizitza-ikur izan da zuhaitza, kultura guztietan. Sarri, gurtu ere egin dute, sakratua bailitzan. Gaur egun, usadio horietako asko ahanzturan erori dira, baina ukaezina da zuhaitzekin harremanetan egoteak onurak dakarzkiola gure osasun fisiko eta mentalari, alegia, harmonia eta lasaitasuna ematen dizkigula. Hauexek dira «Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?» kanpainaren helburuak: -Basauriarrei informazioa ematea arbolek gure herri eta hirietan duten garrantziaz, eta horren kontzientzia harraraztea. Arbolek dakarzkiguten onurak ezagutaraztea, eta zaindu eta errespetatu beharraz ohartaraztea. -Gure udalerrian dauden arbolak, haien ezaugarriak eta egoera ezagutzea eta ezagutaraztea. -Gure herriko arbolak egokiro haziko direla, eta daudenak babestu egingo direla bermatzeko udal araudia, kudeaketa eta plangintza egiteko eskatzea. Kanpainan, bestalde, honako jarduera hauek egingo ditugu: -Erakusketa: gure herriko arbola-espezie batzuk ezagutzeko ibilaldiak. Kalera irtengo gara zenbait egunetan, maiatzean eta ekainean zehar, arbola-espezieak identifikatzera. Ikastetxeei eta bestelakoei ere eskainiko diegu ekimenean parte hartzeko aukera. -Jarduera partizipatiboa: basauriarrei laguntza eskatuko diegu haientzat esanguratsuak edo bereziak diren herriko arbolak hautatzeko eta haien proposamenak guri bidaltzeko. Parte hartu nahi izanez gero, hautatutako argazki bat edo batzuk egin, eta posta elektronikoz bidali behar dizkiguzue. Bestela, Instagramen edo Facebooken partekatu ahal dituzue erretratuak, #basaurikoarbolak traolarekin, azalduz zergatik hautatu duzuen zuhaitz hori. Argazkiok, gainera, Sagarraken webgunera eta sare sozialetara igoko ditugu, eta, azkenean, batzuk hautatu, eta katalogo txiki bat egingo dugu, arbola esanguratsu edo berezienekin. Maiatzetik azarora bitartean aurkeztu ahalko dira argazkiak. Espero dugu jende askok parte hartzea. Anima zaitez eta parte hartu!

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek