ALBISTEAK

  • 27 Ots, 2019

    Urdulizetik Muxikara: landatzen jarraitzen dugu, bertako basoa berreskuratzeko

    Duela urtebete, Urdulizera hurbildu ginen 60 bat lagun, bertako basoa landatzeko ekimenean parte hartzeko. Sagarrak Ekologista Taldeak egin zuen deialdia, Lurgaia Fundazioarekin eta Kolore Guztietako Basoak plataformarekin lankidetzan. Hektarea bateko lurzatia landatu genuen. Une hartara arte, eukaliptoak egon ziren han (udalerri horretako basoaren ia erdia eukaliptoak dira), baina lurraren jabeak zaintza laga zion Lurgaia Fundazioari, eta, horri esker, inguru horretarako egokiak ziren bertako arbolen ia 500 ale landatu ahal izan genituen: haritzak, lizarrak, arteak, astigarrak, intxaurrondoak, elorri zuriak, karraskilak, zumalakarrak… Landareek bota dituzte kimuak dagoeneko, eta bertako basoa sortzen ari dira, astiro-astiro. Espero dugu urte gutxi batzuetan, bioaniztasunez betetako baso horrek goitik behera itxuraldatuko duela ingurunea. Aurten, basoberritze-eguna antolatu duguberriro ere Sagarrak-Ekologistak Martxanek eta Ingurune-boluntarioen Sareak, Lurgaiarekin lankidetzan. Undabason izango da, Ibarruritik hurbil (Muxika), Urdaibaiko Biosfera Erreserba barruan. Izan ere, Lurgaiak urteak daramatza ingurune hartan lanean, Urdaibaiko harizti handiena sortzeko helburuarekin. Oraingoz, 60 hektarea inguru lortu dituzte, baina 100era heldu nahi dute, eta gurean aski ezaguna den basoa berreskuratu: hariztia. Goizeko eta arratsaldeko lansaioa izango dugu (17:30ean itzuliko gara Basaurira). Haurrek ere egiteko moduko jarduera erraza izango da. Mendiko botak eta jantziak eraman behar dira. Antolatzaileek hornituko dituzte landatzeko beharrezkoak diren lanabesak eta materialak. Beti bezala, lana amaitutakoan atsedenaldia egin, eta mokadutxoa jango dugu. Parte hartu nahi duzuenok, izena eman behar duzue, martxoaren 5a baino lehen: bidali mezua ekologia@sagarrak.org helbidera, edo deitu 94.426.37.69 zenbakira, eta eman zuen izena eta adina.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek