ALBISTEAK

  • 21 Ira, 2017

    Mugikortasunaren Europako Astea: Basauri eraldatu.

    2015ko otsailan Basauriko herrigunean ibiltzeko 30 km/h-ko abiadura-muga ezarri zen. Herri-mugimenduak eta mugimendu ekologistak sustatutako proposamen horren helburua da, batetik, norbanako guztien bide-segurtasuna hobetzea; eta bestetik, trafikoak eragindako kutsadura (airearena zein akustikoa) gutxitzea. Gaur, bi urte beranduago, eta 2016eko trafikoari buruzko txostena eskuan, zera ondorioztatu du Sagarrak-Ekologistak Martxanek: 40 km/h-ren ordez seinaleek 30 km/h-ko muga jasotzea ez dela aski, araua beteko dela bermatzeko. 2016eko datuak ez dira onak; horiei buruz hausnartu, eta proposamen berriak egin behar ditugu. Iaz 72 istripu egon ziren, eta 52 biktima, aurreko urteen antzera. Harrapaketen kopurua ere 2015koaren antzekoa izan da. 52 biktimetatik, 18 oinezkoak ziren (lau gainera, larriki zaurituak izan ziren). Aipagarria da, era berean, herriko zeharbideetan ( Agirre Lehendakariaren kalean, Kareaga Goikoan, Kale Nagusian, Nafarroa kalean, Gernika kalean…) gertatutako inzidentzien kopuru handia ( 200 inguru). Horietan guztietan pilatutako istripuen kopuruak adierazten digu bertan jarduketa bereziak egin behar direla. Beste datu esanguratsu bat: Bide-segurtasunaren Legea urratzeagatiko 2.727 salaketak. Horietatik gehiegizko abiaduragatiko salaketak % 3 baino ez ziren izan (San Migelera doan errepideko radar-kontrola; Etxerrekoa; Matxitxako kalekoa). Herrigunean, aldiz, ez zen abiadura-kontrolik ezarri. Datuok berretsi egin digute seinaleztatzeak ez duela bermatzen araua beteko dela, bestelako neurriak ere ezarri behar direla. Ezinbestekoa da araua betetzeko lankidetza aktiboa ahalbidetuko duen komunikazio, informazio eta sentiberatze kanpaina abiaraztea. Seinaleak hobetu beharra dago, ikusgarriago egin, eta, toki batzuetan, ugaritu ere bai (seinale bertikalak: herriguneko sarbideetako ateetakoak; abiadurari buruzko informazioa emateko radarrak). Bide publikoa ere moldatu beharra dago, espazioa berrantolatu, bidea publikoaren erabileretan hierarkia irauli. Eta, nola ez, trafikoa baretzeko neurri gehiago ezarri behar dira —zebrabideak altxatzea, sakanguneak, moteltzaileak...—. Basauriko herrigunea zeharkatzen duten motordun ibilgailuen kopurua murriztu beharra dago. Arauak betearazteko kontrol-neurriak areagotu beharra dago. Udaleko Iraunkortasun Kontseilua batu beharra dago, Mugikortasun Jasangarriko Plana (2006-2016) ebaluatzeko, eta aldi horretarako jarduera-ildoei buruz hausnartzeko (horietako bat zen trafikoa baretzeko neurriak hartzea). Egindako eta egin gabeko lanak aztertu beharra dago, helburu berriak proposatu; eta helburu horiek gauzatzeko jarduketak aurreikusi beharra dago.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek