EKINTZEN AGENDA

11. Ekozinemaldia 2017: "Ura eta energia bizitzarako, eta ez heriotzarako!"

ANTOLATZAILEA Dorretxe Sagarrak - Ekologistak Martxan
LAN ILDOA Baso Ingunea / Ingurumena
DATA ETA ORDUA 21/03/2017 - 19:00h h.
IRAUPENA 1:30h
KOKAPENA Ibaigane Kultur Etxea, Basauri. Sozial Antzokia

Beste Ekozinmeladi bat, Berta Caceresen heriotzaren lehen urteurrenean. Zer hoberik dokumental bat baino kasu horiek ezagutzeko (Bertarena, Nelson eta Lesbiarena; Nicinharena), garaipen bat ezagutzeko (Santa Cruz de Barillasekoa) eta Belo Monteko (Brasil) eta Tapajoseko kasuak ezagutzeko, azken hori egun geldituta dagoen arren. Hidroelektrikoen inposizioaren aurka, ibaien defentsari buruzko filmez gain, badira inpaktu hidriko negargarria duten bestelako azpiegiturak ere, lehertu eta isurketak eragiten dituzten petrolio-hodiak, adibidez. AEBko kasuan, frogaturiko azkenak izan dira Oklahomakoa, 2016an, eta beste bat Dakotan, apirilean, Keystone petrolio-hodian. Egungo erresistentzia egituratuena Standing Roock.-ena da (Dakota, AEB), indigenen eta ingurumenaren aldeko aktibisten (Uraren zaindariak) eskutik. Ikus-entzunezkoen artean sartu nahi izan dugu, eta, horretarako, “Mni Wiconi” film laburra euskarara ekarri dugu.

Horiei gehitu behar zaie Gaizka Arangurenen “Ni Urumea”, gizakien eta ibaien arteko harremanaz diharduena, zein eragin dugun haietan eta zein kalte eragiten dugun ibaietan eta naturan, oro har.
Horregatik, halako zinemaldi batean, hemen ere eragiten ari diren kalteak jaso nahi izan ditugu, hala nola, Mendazako ur-erauzketa Egan, Esa handitzeak dakarren irristadura-arriskua, Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasea, etab. Hain urrunekoak ez diren beste zenbait ahaztu gabe, ezta hemen bertan energia- eta ekonomia-eredu honen presioa pairatu dutenak ere, esate baterako, Itoizko urtegiaren aurkako ekintzagatik kartzelatu osteko depresioaren ondorioz zendu berri den Iñaki Garcia Koch.

Arazo hidrikoei eta energiari buruzko zinemaldia, arlo horretan sinbologia handia duen hilabetean: Fukushimako gertakariaren urteurrena martxoaren 11n da, eta Txernobilgoarena 23an; horrez gain, hilaren 14an urtegien aurkako nazioarteko eguna da, eta 22an, berriz, Uraren Nazioarteko Eguna. Martxoaren 17an, BBVAko akziodunen batzarra izango da; lehen aipatu Dakotako DAPL petrolio-hodia finantzatzeaz gain, beste hainbat proiektu hidroelektriko ere finantzatu ditu, hala nola, Ilisu (Kurdistan), Pascua eta Baker (Txileko Patagonia), El Cajon eta El Zapotillo (Mexiko), Cerro del Aguila (Peru). Iberdrolako batzarra ere egingo da egun horietan, Brasilen zenbait makroenpresaren jabe den multinazionalarena: Belo Monte, Tapajos (egitarauan sartuta dagoena), Teles Pires, Baixo Iguaçu edo ireki berri den San Pedro II Silen (Galizia), non 14 urtegi dituen. Horregatik guztiagatik, Berta eta Nelsonen heriotzen lehen urteurrenarekin bat egiteaz gain, EkoZinemaldiaren gaiak eta datak oso esanguratsuak dira. Eroritakoen alde, kaltetuen alde, proiektu horien aurka borrokatzen direnen alde, behin eta berriz esango dugu: “Ura eta energia bizitzarako, eta ez heriotzarako!”.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia