EKINTZEN AGENDA

Erosketarik Gabeko Eguna: «Black Friday (For Planet) suizidaren aurrean, herritarren konpromisoa krisi klimatikoaren aurka

ANTOLATZAILEA Sagarrak -Ekologistak Martxan - Dorretxe ZarenSare
LAN ILDOA Consumo
DATA ETA ORDUA 29/11/2019 - todo el día h.
IRAUPENA todo el día
KOKAPENA

Aurtengo Erosketarik Gabeko Eguna badator, eta Sagarrak-Ekologistak Martxanek proposatzen dizue ekimena lotzea larrialdi klimatikoaren kariaz eta COP25 dela-eta antolatutako mobilizazioekin.

Erosketarik Gabeko Eguna dela eta, Sagarrak-Ekologistak Martxanekook, Ecologistas en Acción erakundearekin batera, kanpaina bat antolatu dugu, kontsumismoak larrialdi klimatikoan eta krisi ekosozialean duen erantzukizunari buruz hausnartzeko.

Horren harira, «kontsumismoaren aurkako antidotoa: gizarte-harreman aberatsak» leloa plazaratu dugu, benetan ongizatea dakarkiguten gauzei buruz pentsarazteko.

Horrela, bada, beste urte batez, bat egiten dugu Erosketarik Gabeko Egunarekin. Kontsumitzaileon greba sinbolikoa da, eta Black Fridayren (Ostiral Beltzaren) eta Cyber Mondayren (Ziber Astelehena) alternatiba gisa antolatzen da, nazioartean. Hori guztia aurrera eramateko, erakundeak zenbait ekintza abiarazi ditu, lurralde desberdinetan.

Larrialdi klimatikoaren aurkako borroka herritarron aldarri bihurtzen ari zaigun honetan, talde ekologistak behin eta berriro gogorarazi du gizadiaren historiaren une zailenetako batean gaudela orain: ingurumen-hondamendia bizi dugu, eta krisi klimatikoa horren lagintxo bat besterik ez da.

Black Friday edo Cyber Monday bezalako ospakizunak, eta Gabonetako kontsumismo-orgia, sistema kapitalista zonbi baten adierazgarri besterik ez dira. Sistema hori, minbizia nola, kontrolik gabe hazten ari da, eta deskalabrura garamatza, zuzen-zuzen. Dagoeneko piztuta daude ingurumen-adierazle guztietako alarma gorriak, eta zibilizaziorako funtsezkoak diren lehengaienak ere bai. Hartara, senak diosku zentzuzkoena dela galgatzea eta gainkontsumoa gelditzea.
Kontsumo konpultsiboak zorigaiztoa ere badakarrela ohartarazi du elkarte ekologistak, gizarte-harremanak galarazten dituelako. Horren aurrean, kontsumo eraldatzaile alternatibak eraikitzera gonbidatzen ditu herritarrak, etorkizuna bidezkoagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Ongizateak zerikusi handiagoa duelako gure gizarte-harremanen aberastasun eta aniztasunarekin eta elkartasuna edo kooperazioa bezalako balioak sustatzearekin, kontsumoak dakarren asebetetze-tarte iheskorrekin baino.

Hori guztia dela eta, Sagarrak-Ekologistak Martxanek proposatzen du Black Friday baino, egun hori «Planetarentzako Ostiral Beltza» izendatzeko, eta honako ekimen hauek aurrera eramateko:

Erosketa konpultsiborik ez (ez Interneten, ez dendetan, ez merkataritza-gune handietan), premiazko eta beharrezko gauzak ez badira.
Ez joan Black Friday sustatzen duten marka handietako dendetara.
Behar izanez gero, erosi bakarrik erabat beharrezkoa dena, denda txikietan.
Eman denbora egiazko plazerak erosten: paseoan, naturak egun hauetan eskaintzen digun udazken paregabeaz gozatzen, istorio liluragarriak irakurtzen, maite dituzunekin garagardo batzuk hartzen… Eta, bide batez, bilatu informazioa: jakin krisi klimatikoak zelan eragingo digun.

Sagarrak-Ekologistak Martxan, 2019

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia