ALBISTEAK

  • 01 Eka, 2021

    Ekainean, Basaurin, mugikortasun jasangarria

    Ohiko mugikortasunak motordun ibilgailuekiko eta erregai fosilekiko mendekotasun handia dauka. Gainera, eragin negatibo itzela dauka ingurumenean eta gizabanakoon osasunean. Ecologistas en Acción elkartearen txosten baten arabera, 2018an, Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutako mugak gainditzen zituzten kutsadura-mailak pairatu zituzten euskal herritarren % 70ek. Bada, kutsadura horren zati handi bat errepideko zirkulazioak zuzenean sortutakoa da. Beste alde batetik, Ingurumenaren Europako Agentziaren datuek diote garraioarena dela EBeko CO2 isurketen % 30 baino gehiago, eta horren % 72 errepideko garraiotik datorrela. Beraz, sektore hori da klima-aldaketan gehien eragiten duenetako bat. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da mugikortasun jasangarrirantz jotzea. Mugitzeko modu bat bilatzea, non lehenetsiko ditugun garraiobide efizienteak eta apenas kutsatzen dutenak; non oinez eta bizikletaz joatea sustatuko dugun. Horri guztiari esker, gainera, gure herri eta hiriak atseginagoak eta osasuntsuagoak izango dira. Helburu horrek lehentasunezkoa izan behar du, bai gobernuentzat, baita norbanakoontzat ere. Aurten, Basaurin aurre hartu diogu Mugikortasun Jasangarriaren Europako Asteari (irailean izan ohi da), eta, ekainean zehar, gaiari lotutako zenbait jarduera egingo ditugu: Ekainak 6: Jane Jacobsen paseoa. Pozokoetxe eta Larrazabalen zehar oinez ibiliko gara, gure auzoei buruz hizketan: gure hausnarketak eta bizipenak partekatuko ditugu, auzoetan nola bizi garen, zein arazo dauden… Honako hauek hartuko dute parte: José Fran Cid (mugikortasun jasangarriko proiektuetan espezializatutako aholkularia), José Manuel Matés Luque (arkeologoa eta historialaria), Guztiok Bat Pozokoetxe auzokide elkartea eta Larrazabaleko auzokide elkartea. Ekainak 14-18: Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa. Oreka mantentzen eta pedalei eragiten ikasteko. Ez arduratu: guk lagunduko dizugu zure zailtasunak gainditzen! Egin behar duzun bakarra da izena eman, zure datuak guri helarazi eta ordainketa egin. Hartzailek: 16 urtetik gorakoak. Iraupena: ordubeteko 5 saio. Tokia: Bizkotxalde parkea, Basauri. rdutegia: 18:00-20:00. Prezioa: 15 €.Izena ematea: Posta elektroniko bidez (ekologia@sagarrak.org) edo telefonoz / WhatsAppetik (94 4263769 – 645705118), izen-abizenak eta telefono-zenbakia adierazita. Izena emateko azken eguna: ekainak 10. Toki kopurua mugatua da. Ekainak 20: Bigarren eskuko Bizikleten I. Azoka. Arizgoitiko plazan izango da (Basauri), 11:00etatik 14:00etara.Bizikletak gordailuan uzteko zerbitzua zabalik egongo da 09:00etatik 11:00etara. Saltzeko diren bizikletak ekarri, eta, gordailu-zerbitzu baten bidez, saltzeko eta erosteko gunea sortuko da. Gu arduratuko gara ekarritako bizikletak zaintzeaz eta saltzeaz. Behar duzun bizikleta prezio onean eskuratzeko aukera ezin hobea ere izango duzu. Ekainak 22-24: Bizikletaren oinarrizko mekanika ikastaroa. Beste ibilgailuak erabiltzean gertatzen zaigun bezala, bizikletan ere ezustekoak suertatu ahal dira. Lasai egoteko, bizikleten oinarrizko mekanikaren alorreko ezagutza batzuk izan behar ditugu, tupustean egin beharreko konponketak behar bezala egiteko.Hartzaileak: interesa duen edonor. Iraupena: 6 ordu, 3 saiotan (egun bakoitzean, 2 ordu). Datak: ekainak 22, 23 eta 24. Tokia: zehaztu gabe. Prezioa: 20 €. Izena emateko: Posta elektroniko bidez (ekologia@sagarrak.org) edo telefonoz / WhatsAppetik 94 4263769 - 645705118, izen-abizenak eta telefono-zenbakia adierazita. Izena emateko azken eguna: ekainak 17. Toki kopurua mugatua da. Ekainak 27: Ibilbide gidatua Nerbioi ibai-ertzetik, landare inbaditzaileak antzemateko. Nerbioi ibaiaren Basauriko zatian izango da. Paseo atsegina egingo dugu Eduardo Renovales Ekologistak Martxaneko natura ingurune adituarekin: eremuko landareak, horiek eragindako arazoak eta balizko irtenbideak identifikatzen irakatsiko digu. Ordutegia: 11:00-13:00. Abiatzeko tokia: Helduen hezkuntza ikastetxea, Basauri (EPA). Toki kopurua mugatua denez, parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharko duzu. Izena ematea: ekologia@sagarrak.org. edo tel.: 944263769 Animatu! Mugitu modu jasangarrian!

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek