ALBISTEAK

  • 29 Api, 2021

    Hiri-Arbolaren I. Astea, Basaurin #basaurikoarbolak

    Basoak funtsezkoak dira, bai planetaren bizitzarako, orohar, baita bertan bizi garenon osasunerako ere. Hartara, ezin dugu ahaztu, ez gutxietsi, herri eta hirietan lagun ditugun hiri-arbolen garrantzia. Izan ere, gizakiok zuhaitz horiekiko lotura berezia eraiki dugu historian zehar: bizitzaren ikur bihurtu zaizkigu kultura guztietan, eta, sarri, gurtu ere egin ditugu, izaki sakratuak bailiran. Antzinako ohitura asko ahanzturan erori dira; baina, zalantzarik ez, zuhaitzekin harremanetan egotea onuragarria da gizakion osasun fisiko eta mentalerako. Gainera, hiri-arbolek onura mordoa dakarkigute: klima erregulatzen dute, giroko hezetasuna handituz eta tenperaturak igoz; airearen kalitatea hobetzen dute; zarata murrizten dute (isolatzaile akustikoak dira-eta)… Eta, bestalde, arboletan zenbait animalia (hegaztiak eta intsektuak) eta landare bizi dira. Horregatik guztiagatik, duela bi urte «Basauriko arbola esanguratsuak - #basaurikoarbolak» kanpaina abiarazi genuen, hiri-arbolen balioa nabarmentzeko, berauek zaintzeko, babesteko eta ugaritzeko beharra azpimarratzeko, eta, bide batez, gure administrazioei horretarako neurriak har zitzatela eskatzeko. Zentzu horretan, txalogarria iruditzen zaigu Udalak hartutako erabakia, arboladiaren eta gainerako landarediaren babesa arautzeko udal ordenantza bat egiteko. Espero dugu ahalik eta lasterren onetsiko dutela. Gure kanpainaren testuinguruan, 2021ean «Hiri-arbolaren I. astea» antolatu dugu, non honako jarduera hauek eskainiko ditugun: - Hitzaldia: «iraganeko gure arbolen aztarnak Basaurin». Ander Ros Onomastika Elkarteko kidearen eskutik. Maiatzaren 6an, 19:00etan, Pozokoetxe Kultur Elkartean. Izena eman behar da aurretiaz (azken eguna: maiatzak 5). - Erakusketa: «Basauriko arbola esanguratsuak». Maiatzaren 7an, 18:00etatik 20:00etara, San Migeleko Pinceles parkean. - Ibilbide gidatua: «zatoz gurekin San Migeleko hiri-arbolak ezagutzera!». Eduardo Renovales Ekologistak Martxaneko hiri-arbolen adituaren eskutik. Maiatzaren 9an, 11:00etan. Izena eman behar da aurretiaz (azken eguna: maiatzak 6). Animatu eta parte hartu! #basaurikoarbolak

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek