ALBISTEAK

  • 26 Ots, 2019

    Kareagatik Ollarganera zuhaixkak landatzen: gure herria hobetzen

    Joan den otsailaren 24an (igandea), 100 bat lagun (tartean, ume asko) hurbildu ginen Basauriko Kareaga auzora, bertako arbolak eta zuhaixkak landatzeko deialdiarekin bat. Eguzki zoragarria izan genuen lagun. Sagarrak Ekologista Taldeak antolatu zuen ekimena, Kareaga Auzo Elkartearen laguntzarekin. Auzo hartatik Ollargan mendira doan bidearen alde batean landatu genuen, duela urtebete esku hartutako toki berean. Helburua: arbola eta landareekin babes-hesia sortzen joatea. Ez da erraza inguru hartan lan egitea, baina, zailtasunak zailtasun, 12 espezietako 450 ale landatu genituen (elorri zuria, basaerramua, elorri beltza, zuhandorra, zumalakarra, ereinotza, intsusa, sagarrondo makatza, intxaurrondoa, lizarra eta otsalizarra). Espero dugu datozen asteotan lehen ostoak haziko zaizkiela. Gogotik lan egin eta gero, merezitako atsedena hartu genuen, eta bertako produktu ekologikoak dastatu genituen. Apur bat hobeto elkar ezagutzeko beta ere izan genuen. Eskerrak eman nahi dizkiegu Basauriko zenbait auzotatik eta hurbileko udalerrietatik etorritakoei. Espero dugu guk beste gozatu izana ingurunea hobetzeko egindako lanarekin. Egun hartan, gainera, herriaren parte ginela sentitu ahal izan genuen. Eskerrik asko! Ea hurrengo batean ere animatzen zareten!

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek