ALBISTEAK

  • 20 Ots, 2018

    Urdulizen bertako zuhaitzak landatzea.

    2018ko otsailaren 18an (igandea), Urdulizen bertako basoa landatzeko eguna antolatu genuen Sagarrak elkarte ekologistakook, Lurgaia Fundazioaren eta Kolore Guztietako Basoak plataformaren laguntzarekin. Urdulizen eukaliptoa da nagusi: 133 hektarea hartzen ditu espezie horrek, hau da, baso-azaleraren % 51. 12 urtez behin, gutxi gorabehera, eukaliptoak batzen dituzte, arraseko mozketa eginda. Teknika horrek ia landaredia guztia desagerrarazten du, eta lurzoru emankor dezente galarazten. Aitzitik, udalerrian oso urriak dira bertako basoak (hariztiak, artadiak eta baso mistoak), eta oso sakabanatuak daude. Hori dela eta, garrantzi handia dute bertako basoa berreskuratzeko emandako pauso txiki guztiek. Urdulizko Santa Marinako haitzen ondoko lurzati batean aritu ginen (hektarea bat). Duela 5 hilabete eukaliptoa zegoen han, baina, arraseko mozketa egin eta gero, erabat hondatuta geratu zen partzela. Lurzatiaren jabeak, baina, zaintza-akordioa egin du Lurgaiarekin, eta, horri esker (eta Urdulizko, Basauriko, Bilboko eta beste herri batzuetako 60 boluntarioren lanari esker), orain kontserbazio-xedea izango duen bertako baso zoragarria haziko da han. Helburu horrekin, eta indarrak hartzen lagundu gintuen txalapartaren doinu magikoak entzun eta gero, bertako 500 arbola- eta zuhaixka-landare inguru sartu genituen (inguru horretan hazteko egokiak), besteak beste: haritzak, lizarrak, arteak, astigarrak, gurbitzak, intxaurrondoak, iparraldeko elorri zuriak, karraskilak, zumalakarrak… Zuhaixka eta arbola berriak landatu izanak lagunduko du bertako baso bioanitza hazten, arraseko mozketatik bizirik irten diren landareekin batera. Horiez gain, intsektuak, anfibioak, ugaztun txikiak, likenak, onddoak… ere etorriko dira, eta baliteke 5 urteren buruan lurzatiak guztiz bestelako itxura izatea! Zuhaixka eta arbola berriak landatzeaz gain, eukaliptoen kimu ugari kendu genituen, landare berriekin lehiatu ez daitezen. Prozesu hori errepikatu egingo dugu, eta, gainera, adi egongo gara, ea espezie inbaditzaileak agertzen diren (adibidez, Panpa belarra). Izan ere, guretzat oso garrantzitsua da esku hartzen dugun tokien jarraipena egitea. Landatze-lanak amaitu eta gero, hamaiketakoa hartu genuen, indarrak berreskuratzeko. Agur esateko, Carmen Pardo aktoreak Hermann Hesseren eta Kirmen Uriberen olerki batzuk irakurri zizkigun, bere irakurketa adierazkor proiektuaren barruan. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, berriro ere, parte hartu izanagatik. Gonbidatuta zaudete hurrengo batean ere landatze-lanak egiten etortzera. Eskerrik asko guztioi!!! Bertoko basoen alde!!!

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek