ALBISTEAK

  • 08 Urt, 2018

    Emakumeen I. Topaketa Generoari eta Energiari buruz

    Energiaren arloan lanean dabiltzan emakumeen artean sarea osatzeko eta desberdintasunari aurre egiteko asmoz, Emakumeen Lehenengo Topaketa Generoari eta Energiari buruz ekimena antolatzen ari gara Bilbon, otsailaren 2tik 4ra bitartean. Nondik dator ekimen hau? Generoari eta Energiari buruzko lantaldea osatu genuen urrian, batetik, emakumeak energiaren sektorearen esfera guztietatik kanporatuta daudela eta gure eredu energetikoak emakumeengan inpaktu bereiziak eragiten dituela salatzeko eta, bestetik, trantsizio energetiko bidezkoago eta iraunkorragoaren alde lan egiten ari diren emakumeak bistaratzeko. Emakume horiek, hain zuzen ere, ezbaian jartzen ez diren inertzietan eta botere-harremanetan lan egiten dute, egunero-egunero. Gure eredu energetikoa zikina da, oligopolikoa, ekozida eta bidegabea, baina, gainera, matxista eta falokratikoa ere bada. Baina hain zuzen ere, azken bi ezaugarri horietaz ez da hitz egiten. Ondorioz, desberdintasunak areagotzen dituzten jokabideak eta egoerak birsortzen dira, bai sektore energetiko tradizionalaren botere-guneetan, bai eredua aldatzeko proposamenak gauzatzen ari diren guneetan, eta oztopo handia da hori emakumeen edo aniztasun sexuala adierazten duten pertsonen partaidetzarako. Gobernuak, oposizioak, CC OOk eta UGTk gizonezko 14 aditu aukeratu zituzten, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea diseinatuko duen batzordea osatzeko. Talde honen sustatzaileentzat, onartezina izan da egitate hori: herrialde osorako bide-orria, tartean emakume bat ere egon gabe. Batzorde horren izendapenaren aurrean, are eskandalagarriago izan da alderdiek, enpresek, gizarte-erakundeek eta energiarekin lotutako mugimenduek emandako erantzun tristea: ez dute batzordea ukatu; areago, zilegitasuna aitortu diote. Ondoko erakunde hauetan parte hartzen dugun emakumeok bultzatu dugu topaketa hau: Xarxa per la Sobiranía Energètica, Som Energia, Mesa de Transición Energética de Cádiz, Ekologistak Martxan, Tradener, Observatori del Deute en la Globalització, Goiener, Ingeniería Sin Fronteras, Plataforma por un Nuevo Modelo Energético, Gure Energia, Europako Parlamentuaren bulegoa Bilbon, Movimiento Ibérico Antinuclear, Alianza contra la Pobreza Energética, Ongawa, Foro Extremeño Antinuclear, Observatorio Crítico de la Energía, Ecologistas en Acción eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Topaketa elkar ezagutzeko, diagnostiko bateratu bat lantzeko eta trantsizio feministarako tresnen sarea osatzeko abagunea izatea nahi dugu. Emakumeen Lehenengo Topaketa Generoari eta Energiari buruz ekimenaren informazio gehiago: www.generoyenergia.org

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek