ALBISTEAK

  • 30 Ira, 2017

    Artigas zabor plantan, gure zarama, nora doa? eta zer egiten da harekin?

    Aukera izan dugu ezagutzeko sortzen dugun zaborra zelan kudeatzen den, eta hondakinek zer ibilbide egiten duten edukiontzira botatzen ditugunetik prozesua amaitu arte.
    Autonomia Erkidegoan sortzen dugun zaborraren % 70 zabortegiaren eta erraustegiaren artean banatzen dela diote estatistikek. Beraz, % 30 baino ez da berreskuratzen eta birziklatzen. Berreskuratutako % 30 horren zati handiena papera-kartoia eta beira da. Kasu bietan, sortutakoaren % 50 berreskuratu egiten da, eta beste erdia, azkenean, zabortegira edota erraustegira heltzen da berdin-berdin.
    Azaro erdialdean «bosgarren edukiontzia» helduko da Basauriko auzo guztietara. Horri esker, bereiz bildu ahalko ditugu janari-hondakinak (gordinik daudenak zein kozinatutakoak). Izan ere, horrelako hondakinez osatuta dago gure zaborraren pisu osoaren % 36-40 (Basauriren kasuan, egunean 15 bat tona).
    2013 bukaeran hasi ginen herrian zabor organikoaren gaikako bilketarekin —Pozokoetxen, hain zuzen ere—. Gero, 2015ean, San Migelen jarri zuten bosgarren edukiontzia. Gaur egun, 700 familia inguruk hartzen dute parte ekimen horretan (kopuru osoaren % 25), eta 150 tona zabor organiko baino gehiago jaso dira dagoeneko. Udalak aurreikusi du hemendik aurrera 3.000 familia gehiagok hartuko dutela parte hondakin organikoen gaikako bilketan. Gaur egungo datuetan oinarrituta, gure ustez, 250 tona zabor organiko berreskuratuko lirateke, hau da, sortutako kopuru osoaren % 5, eta hiri-hondakin solidoen % 1,5 (urtean 14.400 tona). Ezinbestekoa dugu dinamika horrekin haustea, eta ahalik eta gai organiko gehien berreskuratzea (ongarri bihurtzeko).
    Gainerako hondakinak ere ez ditugu ahaztu behar (ontziak, papera, beira, edukiontzi grisa…). Nora doaz? Zelan tratatzen dituzte?

  • Arizko Dorretxea
    c/ Fco. Kortabarria, sn. – 2º
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek